Gainsoldatak PPn
Diru 'beltza' jaso zuen argitzeko eskatu dio Rubalcabak Rajoyri
Erredakzioa
EITB
Kaleratutakoak kaleratuta, Espainia egoera ''kritikoan'' dagoela eta ''gizartea erabat kezkatuta'' ikusten duela esan du Rubalcabak. ''Cospedalen azalpenek ez dute balio'', PSOEko buruaren ustez.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak agerraldia egitea eskatu dio Mariano Rajoy presidenteari, bi galdera erantzun ditzan: El Pais egunkariak kaleratutako ''Barcenasen agiri sekretu''ek biltzen dutena jaso ote zuen, eta, jaso baldin bazuen ''beltzean edo zurian'' jaso ote zuen.
PSOEko buruaren ustez, Cospedalen azalpenek ''ez dute balio''. ''Ez dira nahikoa, ez da sinesgarria'', berretsi du Rubalcabak. Halaber, PPko idazkari nagusia ez zaiola fidagarria iruditzen azaldu du Rubalcabak, Barcenasen jardueren inguruan emandako azalpenetako bat bera alderdira heldu zenean jarduera horiek ''eten'' egin zituela esatea baita.
''Gobernuko presidenteak eman behar ditu azalpenak (...), bere erantzukizuna da, hemen kolokan dagoena ez baita bakarrik PPren izena; Espainiako Gobernuaren presidentearen izena dago zalantzan'', gaineratu du.
Kaleratutaa kalertuta, Espainia egoera ''kritikoan'' dagoela eta ''gizartea erabat kezkatuta'' ikusten duela esan du Rubalcabak.
Presidenteak beharrezkoak diren azalpen guztiak eman ondoren sozialistek beharrezkoak diren ekimenen guztiak aurrera abiatuko dituztela iragarri du.
Hala ere, Rubalcabak ez du esan nahi izan bere iritzian kontabilitate bikoitz hori benetakoa edo faltsua den. ''Jakingo dugu'', gaineratu du.
Dimisioa eta hauteskundeak aurreratzea eskatu dute
Cayo Lara IUko koordinatzaileak uste du ''isiltasunaren legeak'' kale egin duela PPn, eta ''Barcenas bonba aktibatu'' dutela. Ondoren, Rajoyren dimisioa eskatu du, eta ''demokrazia birsortzeko'' hauteskundeak aurreratzea eskatu du.
Rosa Diez UPyD alderdiko buruak ''azalpen oso eta zehatza'' eskatu dio PPri. Diezen ustez, alderdi politiko batek gai izan behar du ''herritarren aurrean biluzteko eta garden izateko, eta PPk hori egin behar du''; ''erantzukizuna bere gain hartu behar du'', gaineratu du.
Josep Antoni Duran Lleida CiUk Kongresuan duen bozeramaileak esan du ez duela ''ikuskizunean'' eta dimisioak eta hauteskundeak aurreratzea eskatzeko "pim, pam, pum politikoan'' parte hartuko, baina azalpenak eskatu dizkio PPri, eta azkartasuna Justiziari.
Yolanda Barcina (UPN) Nafarroako presidentearen ustez, ''garaia da Justiziak esku har dezan, eta, legeak aldatu behar badira, alda ditzatela''.