Nafarroako Kutxa
Goñik CANeko dirua arduragabe erabiltzea ukatu eta lana defendatu du
Erredakzioa
400 pertsonari bidalitako idatzi batean, Nafarroako Kutxako zuzendari ohiak "informazio partzialak eta interesatuak" salatu ditu eta Banca Civican sartzea erabaki zuzena izan zela gaineratu du.
Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohia (2002-2012) azken asteetan erakundearen inguruan sortutako polemikei erantzun nahi izan die. Horretarako idatzi bat bidali die Nafarroako hainbat enpresa eta erakundeei, eta haien ordezkariekin ere bildu da. Idatzian CANen kudeaketaren alde egin du, dirua arduragabe gastatzea ukatu eta CaixaBanken sartzeko erabakia zuzena zela azpimarratu du.
Horrez gain, zuzendari ohiak azken egunetan zabaldutako "informazio partzialak eta interesatuak" salatu ditu, jendea nahastu besterik ez dutela egiten argudiatuta.
Goñik Nafarroako gizarteari zerbitzu "zintzoa eta leiala" eman diola esan du eta egindako kudeaketa azaltzeko ordua iritzi dela deritzo, asteartean Nafarroako Parlamentuan egingo duen bezala. "Beharbada, azalpen gutxi ematea izan da nire okerra", dio Goñik.
Washingtoneko bulegoa eta gastuak
Gainera, eta Washingtonen bulegoa irekitzeari dagokionez, ("eta ez Miamin, Espainiako dozena bat kutxek eta bankuk egin bezala), erabakia zuzena izan zela esan du. "AEBetako 300.000 gizarte erakundeetatik 30.000 Whasingtonen dute egoitza nagusia", eta horregatik garrantzitsua zen bulego bat leku egokian izatea.
Polemika sortu duen beste gai bat bezero nagusiekin egindako bidaiena da. Goñiren ustez, bidaia horiek justifikatuta zeuden eta ez zen dirua arduragabe gastatzea. "Leialtasuna bermatzeko eta diru gehien zuten bezeroekin loturak indartzeko balio zuten, eta errentagarritasunari lotuta zeuden", adierazi du Goñik, finantzen munduan horrelako bidaiak ohikoak direla gaineratuta.
Banca Cívica
CANeko zuzendari ohiaren arabera, Banca Civicaren proiektua eten egin da, baina ez zen alferrikako ekimena izan. "Banca Civica aurrezki kutxen sektorea sendotzeko asmoarekin jaio zen. 2011an helburua gauzatzea eskura izan genuen, burtsan aterata; baina handik hilabetera, abuztuan, finantza-sektorea hondoratu egin zen eta krisi hark oraindik indarrean jarraitzen du".