Itxi

Nafarroako Kutxa auzia

Goñi: 'Salatutako gertaerak ez datoz errealitatearekin bat'

Erredakzioa

Nafarroako Kutxako (CAN) zuzendari ohiak kontuak faltsutzea eta Kutxaren inbertsioetan lagun jakin batzuei mesede egin izana ukatu du.

Enrique Goñi CANeko zuzendari ohia. EFE

Enrique Goñi 2002 eta 2011 urteen artean Nafarroako Kutxako (CAN) zuzendari izan zenak bere kudeaketa defendatu du eta salatutako gertaerak ez datozela "errealitatearekin bat" esan du.

Banca Civicako presidente ohi eta CaixaBankeko kontseilari ohiak ikerketa judizialaren aurrean "lasai" dagoela esan du eta Kontuz elkarteak eta UPyDk salatutako gertaerak gezurra direla azpimarratu du, hau da, "kutxako kontuak faltsutzea, baliabide publikoak xahutu izana, eta zenbait enpresarekiko faborezko tratuak egin izana, besteak beste".

Enrique Goñi CANeko zuzendari ohiak agerraldia egingo du asteartean Nafarroako Parlamentuan, eta "kudeaketaren inguruko azalpenak emango ditut", adierazi du.

CaixaBanken Criteria holdingaren egungo zuzendari orokorrak onartu du Nafarroako Kutxaren buru egon zen bederatzi urteetan akatsak egin zituela, "gizartearekiko komunikazioan", esaterako.

"Kutxa, egun, Espainiako zortzigarrena da ondasunak kontuan hartuta, eta 2002. urtean, ordea, 17.a zen. Beraz, balantzea ez da hain txarra, batzuetan, komunikazio falta egon den arren".

Ikertuko diren ustezko delituen inguruan, "gauza asko daude, baina salatutako gertaerak ez datoz errealitatearekin bat", nabarmendu du. Ildo honetan, kontuak faltsutzea eta Kutxaren inbertsioetan lagun jakin batzuei mesede egitea ukatu du.

"Luxuzko" bidaien eta bezero esklusiboei emandako kredituzko txartelen inguruan galdetuta, "ez da horrelako txartelik egon", esan du Goñik. "Helikopteroak 10 minutuko bidaietarako hartu ziren, eta bidaia horiek pertsonako 70 euro balio dute, interneten ikus daiteke", azaldu du.

"Kutxak Londresen, Parisen eta Berlinen zituen nazioarteko zerbitzuak aurkezteko egiten ziren bidaiak ziren, inbertsioak. Gainera, errentagarriak bihurtzen ziren; hiru edo lau hilabeteetan amortizatzen ziren. Kutxarentzat inbertsio errentagarria zen", nabarmendu du.

Albisteak (4)