Agerraldia Parlamentuan
Goñik bere gain hartu du ardura guztia, baina irregulartasunak ukatuta
Erredakzioa
Nafarroako Kutxaren zuzendari ohiaren hitzetan, bidaiak ''inbertsio bat eta negozio bat'' ziren. Goñik azpimarratu duenez, CAN "kutxen banku onenean dago''.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Enrique Goñi Nafarroako Kutxaren zuzendari ohiak "erabat" ukatu du kutxa kudeatu zuenean irregulartasunak edo legez kanpoko ekintzak egin zituela, eta CAN "kutxen banku onenean" dagoela eta "Gizarte Ekintza egonkortuta eta etorkizunerako proiektu onena" duela azpimarratu du.
Enrique Goñik agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan CANen kudeaketaz hitz egiteko, eta "kontu txarrez bakarrik" hitz egiten ari direla salatu du: "Ondarearen galeraz, zentzurik gabeko zabalkundeaz, arpilaketaz, gainbeheraz, entxufismoaz... bakarrik hitz egiten da, eta delitu akusazio faltsuak egiten dira".
Hori horrela, CANen zuzendari ohiak mezu positiboa helarazi nahi izan die nafarrei, izan ere, "kutxa ez da desagertu, ez daitezela kutxarik gabe baleude bezala sentitu, kutxaren esentzia banku handi batean egongo baita, eta esentzia diodanean Gizarte Ekintzaz ari naiz". "Herritarrek jakin behar dute Espainian biztanleko inbertsio sozial handiena egiten dela Nafarroan", gaineratu du Goñik.
Enrique Goñik esan du CANen kudeaketa osoaren "arduraduna" dela "gauza onena eta txarrena", eta "erabat" ukatu du kutxa kudeatu zuenean irregulartasunak edo legez kanpoko ekintzak egin zituela.
Nafarroako herritarrek bere hitzei "sinesgarritasun gutxi" emango diotela aitortu du Goñik, izan ere, "bankari bat naiz politikarien foro batean hitz egiten, eta ez dira garai onak bion irudi publikoarentzat".
CANen zuzendari ohiak aitortu du "akatsa" izan dela kutxak bozeramaile bat izendatu ez izana bankuaren berregituraketa azaltzeko, horrek "informazio hutsunea" eragin baitu eta batzuek "kutxari kalte egiteko" aprobetxatu omen dute hori.
Zabalkundea
Nafarroako Kutxaren zuzendari ohiak ukatu egin du 2001 eta 2009 artean CAN neurriz kanpo hedatu zela eta sektorean izan zen zabalkundearen parekoa izan zela azpimarratu du.
Hori horrela, inguruko aurrezki kutxak baino gutxiago hedatu zela jakinarazi du. Izan ere, epe horretan Kutxak % 86 hazi zuen sukurtsal kopurua, Caja Ruralek % 67,36 eta CANek % 44,83.
Horren harira, Nafarroako Kutxaren hedakuntza "txarra" izan dela egiaztatzen duen frogarik ez dagoela azpimarratu du Goñik.
Banca Civica
Banca Civicari dagokionez, Goñik "gainbehera ekonomikoaren" testuinguruan kokatu du gertatutakoa. Haren esanetan, momentu egokia zen eta aukera ona zen CAN Banca Civican sartzea 2010an.
Hala ere, "hankasartzea" onartu du CANen zuzendari ohiak: 18 hilabetez "zirujauen moduan" lan egitea Banca Civica osatuko zuten banketxeetan, gertatuko zena aurreikusi gabe.
Ondarearen galera
Gainera, Goñik esan du erakundearen ondarearen galera bat-egite prozesuak, araudiaren aldaketak eta testuinguruak eragin dutela, eta bakarrik geratu izan balitz "are gutxiago" balioko lukeela eta "agian bdieragarria ere ez" litzatekeela izango.
Goñik azaldu duenez, 1.055 milioi euroko ondarea zuen CANek 2009an eta 250 milioi eurokoa 2012an. 1.300 milioi euroko ondarea zuela aipatu duten arren, kopuru horri 250 milioi euroko zorra kendu behar zaiola zehaztu du.
Era berean, "ekonomiaren egoera txarraren ondorioz" CANen kapitalaren 647 milioi euro hornidurara bideratu behar izan zituztela eta azkenean 408 milioi eurorekin geratu zirela jakinarazi du.
Gaineratu duenez, horren ondoren, Errege Dekretu bat atera zen eta bi aukera zeuden: burtsan atera edo kapital publikoa sartu "oso baldintza txarretan". Azkenean, eta "zorionez", burtsan sartzea erabaki omen zuten eta "ez CAN, ez Banca Civica, ez ziren merkatuaren kotizazioaren arduradunak izan".
Bidaiak
Nafarroako Kutxak antolatutako bidaiak ''inbertsio bat eta negozio bat'' zirela esan du Goñik. Zuzendari ohiaren hitzetan, CAN ''ez zen horrelako inbertsioak egiten zituen enpresa bakarra''.
Arratsaldez, hitz egiteko izan duen bigarren txandan, bidaia horien helburuaz aritu da Goñi. ''Nafarroako Kutxako bezero ziren enpresaburuek edo zuzendariek erakundearen nazioarteko zerbitzuak bertatik bertara ikustea zen helburua'', esan du. ''Enpresa askok egiten dute, eta egiten jarraituko dute, inbertsio gisa ulertzen dutelako'', gaineratu du.
10 edo 12 minutuko helikoptero bidaia baten kostua 70 euro direla azpimarratu du, eta ukatu egin du aurretiazko ordainketa txartelik egon izana. ''Hori gezurra da'', esan du.
Mailegu bigunak kontseilariei
Bestalde, Goñik ezeztatu egin du kontseilariek mailegu bigunik eduki izana. ''Kontseilarietako batek ere ez du merkatu baldintzak baino merkeagoko mailegurik izan'', esan du. ''Hori gezurra da eta erabat ukatzen dut'', gaineratu du.
Izendapena
Agerraldian zehar, Goñik gogoratu du 2002an izendatu zutela zuzendari nagusi, eta bere izendapena ez zela pertsona bakar baten esku egon, ''Administrazio Kontseiluak'' izendatu baitzuen. ''Nire izendapena ez zen egin Espainiako Bankuaren iritziaren kontra'', gaineratu du.
Alderdien balorazioa
Alderdi politikoek ez dituzte berdin hartu Enrique Goñiren azalpenak, baina gehienek espero dute saioaren bigarren zatian, alderdien galderei erantzuten dienean, faltan sumatzen zuten informazioa helaraziko diela CANen zuzendari ohiak.
Carlos Garcia Adanero UPNren bozeramaileak adierazi duenez, "gardentasuna eta argi hitz egitea eskatu dugu, eta hala erantzun du. Beste kontu bat da etxeko-lanak eginda etortzea, aurrez prestatutakoa esatea".
Lizareberen (PSN) ustez "interesgarria" izan da agerraldia, nahiz eta arratsaldeko saioan oraindik argitzeke dauden kontuen inguruko azalpenak emango dituela espero.
Maiorga Ramirez Bilduren bozeramailearen arabera, ordea, CANen zuzendari ohiak "prentsari emandako bertsioak errepikatu ditu hiru orduko agerraldian, argitaratutako txostenak bildu ditu, ez du daturik eman, eta batzordea orain hasiko da", izan ere, Bilduk 130 galdera egingo dizkio.
Bestalde, Txentxo Jimenez Aralar-NaBairen ordezkariak salatu du "arrakeroa" izan dela Goñiren jarrera, alderdiek ez dutelako informazioa egiaztatzeko aukerarik izan, "beti" ukatu baitiete dokumentazioa ematea.
Enrique Martin PPren bozeramaileak azpimarratu du Goñiren agerraldia "oso luzea" izan dela eta Nafarroako Aurrezki Kutxan kudeaketa ona egin zuela justifikatzeko "oso hizkera teknikoa" erabili duela.
I-Eren aldetik, Jose Miguel Nuinek salatu du "ardura politikoak ere" badaudela "Miguel Sanzek ekarri baitzuen Goñi eta eraldaketa baimendu zuen". Era berean, CANek hartutako bidea ez zela "saihestezina" azpimarratu du.
Manu Ayerdi Geroa Bairen parlamentarioak aitortu du Goñi "hitz egiteko prest" ikusi duela eta ez dela "anekdotetara mugatu", baizik eta "garrantzitsuenera jo du, CaixaBanken eta ondarearen galderaren kontuetara".
Galderak, erantzunen txandan
Hala, erantzunei zuzendutako txandan, CaixaBanken barneratu aurretik Nafarroako Kutxan zer gertatu zen jakiteko beharra azpimarratu du Roberto Jimenez PSNko bozeramaileak. Halaber, gertatutakoa ekidin zitekeen eta erakundeak zein etorkizun duen galdetu du.
Enrique Martin PPNko bozeramaileak ere Goñiri zuzendutako galdera bat jarri du mahai gainean, eta erakundearekin ''zer egin duen'' galdetu dio, ''herri honetan zegoen kaudimen handieneko kutxetako batekin bukatzeko''. Halaber, ''zalantzak pilatzen'' doazela eta oraindik horietako asko ''argitu gabe'' daudela esan du.
Manu Ayerdi Geroa Baiko ordezkariak, berriz, zalantzan jarri ditu erakundea zabaltzeko Goñik azaldutako arrazoiak, eta Banca Cívica sortzea ''beste guztia atzetik ekarriko zuen ekintza erabakigarria'' izan zela defendatu du.
Taldeei erantzuteko txandan, eta alderdiek egindako kritiken aurrean, Goñik esan du ulertzen dituela beste iritziak, baina bera ''ekintzez'' ari dela, ''datuez''.
Kontuz! taldearen protesta
Bestalde, Kontuz! kontsumitzaileen elkarteak elkarretaratzea egin du 10:00etan, Foru Parlamentuaren aurrean, Enrique Goñiri "egia" eskatzeko.
Elkarteak salaketa aurkeztu zuen Goñiren eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiaren aurka, eta 28 galdera aurkeztu ditu, gaur Goñik erantzun ditzan.
Joan den astean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Estatuko fiskalburuaren baimena jaso zuen CANeko ustezko irregulartasunak ikertzeko.