Itxi

Elkarrizketa

Alfonso Alonso: 'Barcenasi seriotasunez aurre egin behar zaio'

Erredakzioa

Arabako Alderdi Popularreko presidenteak esan du bere alderdia jarrera onarekin doala aurtengo aurrekontuak aurrera ateratzeko negoziazio horietara.

Alfonso Alonso (artxiboko irudia). Argazkia: EiTB

Alfonso Alonso PPk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak gaur bere alderdiari eskatu dio aurre egin diezaiola, seriotasunez, Luis Barcenas diruzain ohiari, "PPren duintasun politikoarekin jolasean dabilelako".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean esan du beharrezkoa dela Barcenasi irmotasunez aurre egitea, "gezurren korapiloan nahastuta dagoela, eta horiek PPri eraso egiteko erabili dituela frogatuta geratu baita".

"PPrekin jolasean ari da, eta hori ezin dugu, inondik inora, onartu. Gizon horri seriotasunez aurre egiteko eta gure alderdiaren duintasuna babesteko ordua iritsi da", adierazi du Alfonso Alonsok.

Barcenas PPri xantaia egiten ari den galdetuta, gaiaz ezer jakitea ukatu du Alonsok. Hala ere, hori egitea "alferrikakoa litzateke" horren hitzetan. "Gure alderdiko presidentea ez duela ezagutzen erakutsiko luke horrek, ez baitie xantaiei men egiten", gaineratu du. Halaber, esan du ez dakiela Barcenasek noiz utzi zion PPrentzat lan egiteari, eta ezta kontratu amaieragatik jaso zuen kalte-ordaina zenbatekoa zen ere.

Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak negoziatzeko hirugarren bilera du gaur Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak Alderdi Popularrarekin. Alfonso Alonsok esan du bere alderdia jarrera onarekin doala aurrekontuak aurrera ateratzeko negoziazio horietara.

Alonsok jakinarazi duenez, Alderdi Popularrak elkarrizketarako jarrera agertuko du gaur, eta baita Gobernuaren egonkortasuna lortzeko konpromisoa ere.

Alfonso Alonsoren iritziz, "Eusko Jaurlaritzak egia kontatu behar die herritarrei, eta gero murrizketak egin beharko ditu".

"Inork ez ditu gogo onez hartzen murrizketak, eta zerga eredua eztabaidatu behar da, gehien dutenei gehiago eskatzeko", gaineratu du.

Albisteak (3)