Frantziara itzuli ei dira
Norvegiak kanporatu egin ditu ETAren buruzagiak
Erredakzioa
Negoziazioek porrot egin eta gero, herrialde horretako agintariek babesa ukatu diete ETAren buruei, Ser irrati-kateak jakinarazi duenez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Norvegiako agintariek nazioarteko egiaztatzaileekin eta Espainiako eta Frantziako gobernuen ordezkariekin negoziatzeko helburuz Oslora joan ziren ETAren buruzagiei babesa emateari utzi diote, eta, horrenbestez, kanporatu egin dituzte herrialdetik.
Poliziaren eta Espainiako Estatuaren Informazio Zerbitzuak aipatuta Ser irrati kateak iragarri duenez, Norvegiatik egotzitakoak Josu Urrutikoetxea, Josu Ternera; David Pla; eta Iratxe Sorzabal dira.
Duela zortzi hilabete heldu ziren Norvegiara, eta otsailaren 12an joan omen ziren.
Vasco Press informazio agentziaren esanetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek ETAko buruei babesa emateari uzteko eskatu zioten Norvegiako Gobernuari.
Aipatu iturrien arabera, ETAk desarmatzearen eta desegitearen bidean pausoak ematea baztertu duelako erabaki du orain Norvegiak babesa ukatzea.
Urtarrilean nazioarteko egiaztatzaileekin egindako bileretan, ETAren buruek errefusatu egin zuten aurrerapausorik egitea, horrek Norvegiako Gobernuak babesa ukatzea ekar lezakeela bazekiten arren, betiere Vasco Pressek azaldu duenez.
ETAren buruek Espainiako eta Frantziako gobernuekin negoziatzea jarri ei zuten desamartze eta desegite prozesua abiatzeko baldintza gisa, baina Madril eta Paris aurka agertu ziren.
Barne Ministerioa: "Atxilotu egingo dituzte, nonahi"
Francisco Martinez Espainiako Gobernuaren Segurtasun estatu idazkariak adierazi duenez, ETAko kideak atxilotu egingo dituzte, "nonahi".
Martinezek ez du hizpide hartu nahi izan Norvegiako Gobernuaren erabakia, eta terroristek krimenak ordainduko dituztela baino ez du adierazi.
EAJk "logiko"tzat jo du Norvegiaren erabakia
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak "logiko"tzat jo du Norvegiako agintariek ETAren buruak kanporatu izana.
Horren esanetan, "ezaguna" zen ETAren buruzagiak Norvegian zeudela, bertan "egiaztatzaileekin" batzartzeko, baina bilera "amaitu" egin zen eta egiaztatzaileak "Euskadira joan ziren", eragileei horren berri emateko.