CAN auzia
Nafarroako Parlamentuak Barcinaren dimisioa eskatu du CAN auziagatik
Erredakzioa
Barcinak COPE irrati katean esan duenez, ez du dimisiorik emango, nahiz eta une "zailak" bizi dituela onartu duen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Mahaiak eta Batzarrak adierazpen instituzionala onartu du Nafarroako Kutxako kudeaketagatik Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen dimisioa eskatuz.
Bilduk eta Aralar-NaBaik aurkeztutako adierazpenak PSNren eta Izquierda-Ezkerraren babesa jaso du eta UPNren eta PPren aurkako botoak izan ditu.
Adierazpenak honakoa dio: "Parlamentuak Nafarroako Gobernuaren eta bere presidentearen, Yolanda Barcinaren, jarrera gaitzesten du, Nafarroako Kutxako kudeaketagatik; hori dela eta, dimisioa eskatzen du".
Oposizioko taldeek ordea, ez dute bat egin zentsura-mozio bat aurkezteko garaian, hautagai alternatibo bat adostea behartuko lukeen akordioa, baina Barcinak dimisioa emateko beharra azpimarratu dute.
"Ganberak gaitzespen irmoa adierazi nahi du Barcinaren, Miguel Sanzen, Enrique Maya Iruñeko alkatearen eta Alvaro Miranda Ekonomia sailburu ohiaren aurkako jarrerarengatik". Lauak Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko kide ziren. Orain arte ezezaguna zen elkartea eta bertatik jasotzen omen zituzten dietak.
Adierazpen instituzionalak "Nafarroako Kutxaren arduran izandako jarrera" kritikatu du, "era irregularrean aberastu zirela argudiatuz, dietak jaso eta herritarrei ezkutatzeko asmoz".
Eskaera horri erantzutea espero dute orain alderdiek. Hala ere, horrek ez du dimisioa ematera behartzen, nahiz eta oposizioko taldeen arabera "inplizitutako zentsura-mozioa" den.
Adierazpena
Adierazpena onartu duten alderdien artean, Roberto Jimenez PNSko idazkari orokorrak "Barcinak ez du gure konfiantza, erkidegoarentzat oztopoa da eta dimisioa eman behar du", esan du.
Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko bozeramailearen iritziz, adierazpena Barcinaren aurkako "zentsura" da eta Bakartxo Ruizek (Bildu) "zentsura-mozio inplizitua" dela esan du. Gainera, Barcinak aintzat hartu ezean, ez dute baztertzen zentsura-mozio formala aurkeztea.
Marisa de Simonen (I-E) iritziz ere "eskandalua" da auzia eta herritarrek nahasita dauden politikariekiko "konfiantza galdu" dutela esan du.
Popularren kontrako botoa "teknikarekin" ados egon ez direlako izan dela argudiatu du Eloy Villanueva bozeramaileak, nahiz eta Barcinaren jarrera gaitzesgarria dela esan duen eta ardura politikoak bere gain hartzeko eskatu dio.
Bestalde, Sergio Sayas UPNko Komunikazio idazkariaren iritziz "harrigarria da PSNk nazionalistekin bat egin izana Yolanda Barcinaren dimisioa eskatzeko, sozialistek Nafarroako Kutxako dietengatik jasotako dirua itzultzeko asmorik ez dutenean".
"Presidentea demokratikoki hautatu zutenetik bilatu duten estrategia da, ez zutelako hauteskundeetako emaitza onartu", esan du.
Barcinak ez du dimisioa emango
Barcinak dimisioa ematea baztertu du COPE irrati katean, baina "une zailak" bizi dituela onartu du. Hala ere, asteburuan "jende askok animoak" eman dizkiola esan du eta "beharrezkoa ez zen arren, dietengatik jasotakoa itzultzeagatik eskerrak eman dizkiotela" nabarmendu du.
Parlamentuan onartu duten adierazpen instituzionalaren inguruan, "harrigarria" iruditzen zaio, "aurreko Gobernuan sortu zen Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorraz hitz egiten den unean, ardura nirea bakarrik izatea eta bertara joan ziren beste guztiei ezer ez esatea".
Barcinaren agerraldia
Azkenik, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak PSNren eskakizun bat onartu du eta Yolanda Barcinak CANen birmoldaketaren inguruan azalpenak emateko gerraldia egin beharko du.