Epaiketa
20 urteko kartzela eskatu dute 'Txeroki', 'Ata' eta Iriondorentzat
Erredakzioa
Halaber, eskaera berdina egin du fiskalak Iruretagoienarentzat.10 akusatuek bizkarra eman diote fiskalari eta Auzitegitik bota dituzte. Txeroki ETAren barruan disidente bat dela uste du Frantziak.
Parisko Fiskaltzak 20 urteko kartzela eskaera egin du astelehen honetan Garikoitz Aspiazu Rubina Txerokirentzat, Mikel Carrera Sarobe Atarentzat eta Aitzol Iriondo Yarzarentzat, ETAko aparatu militarraren buru izatea egotzita. Halaber, zigor eskaera berdina egin du fiskalak Luis Ignacio Iruretagoiena Lanzentzat.
Jean-François Ricard Pariseko Auzitegi Kriminaleko fiskalak, bestalde, akusatuek zigor horretako bi heren kartzelan betetzea ere eskatu du, 2007ko abuztuan, Orioko familia bat hartu eta Oropesa del Marren atentatu bat egiteko kotxea lapurtzean izandako inplikazio mailagatik.
Halaber, 18 urteko kartzela zigorra eskatu du Oihan Barandalla Goñirentzat, Ander Mugica Andonegirentzat eta Alaitz Aramendi Jaunarenarentzat; 14 urteko zigorra Aitzol Etxaburu Artetxerentzat, 10 urtekoa Itziar Plaza Fernandezentzat eta 8 urteko kartzela zigorra Jurdan Martitegi Lizasorentzat, auzi hori dela-eta.
Epaiketa asteazkenean amaituko da. Orduan ezagutuko da epaitzen ari diren gertaerengatik jarriko dieten zigorra.
Istiluak
Istiluak egon dira epaiketan eta 10 akusatuak bertatik bota dituzte. Fiskala hitz egiten hasi den unean bizkarra eman diote eta presidenteak bertatik bota ditu.
Hala ere, aurretik, Itziar Plazak (akusatuetako batek) adierazpen bat irakurri du guztien izenean, Tolosako Fiskaltzak Jon Antzaren heriotza artxibatzea erabaki izana salatuz.
Ricardek gogora ekarri du Aspiazu Rubinaz gain, ETAren aparatu militarraren beste arduradun ohiak ere epaitzen ari direla, besteak beste Mikel Carrera Sarobe, Jurdan Martitegi eta Aitzol Iriondo.
"Bake aktore gisa" azaldu nahi izatea aurpegiratu die eta "non daude armak eta lehergailuak?", galdetu die.
Txeroki ETAren barruan disidente bat dela uste du Frantziak
Pariseko Fiskaltzaren arabera, Garikoitz Aspiazu Rubina Txeroki ETAko buruzagi militar ohiaren jarrera "atzera pausoa" da eta ETAren disidente bat dela erakusten du.
"Adierazpen horrekin ETAn barne eztabaida egin nahi du Txerokik. Epaiketan berekin dauden beste 9 akusatuak bezala, ETAren ildo ofizialetik at dago", esan du Jean-François Ricard fiskalak.
Txerokik epaiketaren hasieran esandakoa "oso adierazgarria" izan zela esan du Ricardek.
"Edonola era, euren jarrera onartezina da demokrazian", azpimarratu du Ministerio Publikoaren ordezkariak.