Banca Civica eta CAN
Auzitegi Nazionalak Banca Civica-ko ikerketa bere gain hartu du
Erredakzioa
Gainera, Nafarroako Kutxako ikerketa pasatzeko eskatu dio Iruñeko 3. instrukzio epaitegiari Velasco epaileak.
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Banca Civicako kontseilarien aurka UPyDk jarritako salaketa bideratzea onartu du, entitatea burtsan atera zeneko irregulartasunengatik. Gainera, Iruñeko 3. instrukzio epaitegiari Nafarroako Kutxako ikerketa emateko eskatu dio.
Fiskaltzak eskatuta erabaki du epaileak; izan ere, lehengo astean UPyDren salaketa aintzat hartzea eta Kontuz! elkarteak Enrique Goñi CANeko zuzendari ohiaren aurka jarritakoa Nafarroako Auzitegiari eskatzea exijitu zion.
Era honetan, epaileak eskakizun horren zati bat onartu du. Miguel Sanz Nafarroako presidentearen aurkako salaketa ordea, bere eskuduntzatik at utzi du. Azken honi utzikeriagatik prebarikazio delitua egozten zioten.
Velascoren arabera, era honetan entitatearen "kaudimen-gabezi" maila azaldu ahal izango da. Banca Civica 2010. urtean sortu zuten Nafarroako Kutxak, Caja Canariasek, Caja de Burgosek eta Cajasolek, eta iaz CaixaBankekin bat egin zuen. Halaber, FROB finantza sistema berregituratzeko funtsak ia mila milioi euro eman zizkion.
Besteak beste, dietak bidegabe jasotzea, kontuak faltsutzea eta kutxarekin lotutako lagunei mesedeak egitea bezalako kontuak ekarri ditu gogora epaileak. Hori dela eta, eragindako kalte ekonomikoan oinarrituta argudiatu du epaileak Auzitegi Nazionalak auzia bere gain hartzea.
Bestalde, kanpo berrikusketa ezaren inguruko ikerketa Iruñeko Auzitegiak jarraitu behar duela uste du, auziak "ez baitio Espainia osoari eragiten".