Gurtel auzia
Ruzek deklaratzera deitu ditu Barcenas eta Lapuerta, inputatu gisa
Erredakzioa
EITB
Gurtel auzia ikertzen duen Pablo Ruz epaileak inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Luis Barcenas eta Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohiak, Alderdi Popularraren ustezko B kontabilitateagatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gurtel auzia ikertzen duen Pablo Ruz epaileak inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Luis Barcenas eta Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohiak, El País egunkariak kaleratutako ''Barcenasen agiri dekretuek'' agerian utziko luketen Alderdi Popularraren ustezko ezkutuko kontabilitateagatik. Halaber, lekuko gisa deklaratzera deitu du egunkariko zuzendaria.
Martxoaren 21erako deitu ditu epaileak deklaratzera Barcenas eta Lapuerta, eta, egun horretan bertan, proba kaligrafikoak egiteko asmoa du Ruzek.
Bezperan, Javier Moreno El Pais egunkariko zuzendaria eta Carlos Mantilla diputatu ohi, senatari ohi eta Vigoko PPko presidente ohia deitu ditu, lekuko gisa.
Bermudez epaileari aurrea hartu dio
Hala, auziko lehen izapideak abiatu ditu Ruz epaileak, Barcenas eta Lapuerta deklaratzera ere deitu dituen Auzitegi Nagusiko Javier Gomez Bermudez epaileari aurrea hartuz. Hark, hilaren 25erako, 26rako eta 27rako deitu ditu PPko bi diruzainak eta baita Alderdi Popularraren ustezko dohaintza-emaileak ere.