Itxi

Nafarroako Auzitegia

CANeko dieten auzia Auzitegi Nazionalera eramatea baztertu du epaileak

Erredakzioa

Nafarroako Kutxako kontabilitatearen ustezko faltsutzea ikertzeko eskumena eman dio, ordea, Banca Civicaren fusio prozesuarekin eta burtsako irteerarekin zerikusia izan dezakeelakoan.

Kontuz elkartearen agerraldia. Argazkia: EiTB

Iruñeko 3 zenbakiko auzitegiko epaileak Nafarroako Kutxako dieten auzia Auzitegi Nazionalera eramatea baztertu du. Aurrez, dieten auzia ikertzea eskatu zuen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Nafarroako Kutxak agintarien senideei eta enpresei interes tipo baxuan ustez emandako kredituen gaineko ikerketa bere gain hartzeko eskatu zuen Auzitegi Nazionaleko epaileak, baina Maria Paz Benito kasuko epaileak ezezkoa eman dio eskari horri.

Autoan irakur daitekeenez, "diru kantitate horien ordainketan eta kobrantzan ez dago delitu sozietariorik, eroskeria delitua egon liteke, baina epaitegi honi dagokio hori ikertzea".

Epailearen esanetan, "pertsona berak dira ustez justifikaziorik ez zuten ordainketak jaso zituztenak eta Nafarroako Kutxaren kudeaketa ikertu behar zutenak, eta, beraz, horien gainean egiten den kalifikazioaren araberako bidea egingo du auziak".

Nafarroako Kutxako kontabilitatearen ustezko faltsutzea ikertzeko eskumena eman dio, ordea, Eloy Velasco epaileari, Banca Civicaren fusio prozesuarekin eta burtsako irteerarekin zerikusia izan dezakeelakoan.

Albisteak (1)