CANeko dietak
Sanz, Maya eta Miranda inputatu dituzte CANeko dietengatik
Erredakzioa
Nafarroako presidente ohiak, Iruñeko alkateak eta Ekonomia kontseilari ohiak apirilean deklaratuko dute Nafarroako hiriburuko Auzitegian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiko epaileak inputatu egin ditu Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia, Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Alvaro Miranda Ogasun eta Ekonomia kontseilari ohia (denak UPNkoak), CAN aurrezki kutxan jasotako dietengatik.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, hiru auzipetuen deklarazioak apirilaren 12an (Sanz), 15ean (Maya) eta 16ean (Miranda) izango dira.
Yolanda Barcina presidentea ez dute inputatu, izan ere, forupekoa da, eta Nafarroako Parlamentuak eskatu beharko lioke Auzitegi Gorenari deklaratzera deitzea.
Maria Paz Benito da auzia ikertzeko ardura hartu duen epailea. Besteak beste, aurrezki kutxako Erakunde Sortzaileen Batzordean egun berean dieta bikoitzak eta hirukoitzak kobratu zituztelako epaituko dituzte, funtzionario-eroskeria delitua leporatuta.
Bi ahapaldi eskaseko probidentzia baten bitartez, dieten inguruko baldintzen eta araudiaren informazio guztia helarazteko eskatu dio epaileak Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Sailari.
Ustezko irregulartasunak dietetan
Martxoaren 21ean, epaileak errefusatu egin zuen ikerketa Auzitegi Nazionalaren esku uztea. Epailearen arabera, dieta bikoitz eta hirukoitz horien legezko oinarria "zalantzagarria da gutxienez", eta ustezko funtzionarioen eroskeria izan daiteke.
Epaileak bere garaian adierazi zuenez, irregulartasun hori "nabarmena" da CANeko Batzorde Iraunkorraren kasuan. Batzorde horretan zeuden Sanz, Maya, Miranda eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko egungo presidentea ere. Azken hori, ordea, ez dute inputatu auzi honetan.
Kontua da Batzorde Iraunkorra ez zutela arautu 2011ko ekainaren 24a arte, orduan onartu baitzuten aurrezki kutxaren Antolakuntza eta Funtzionamendu Araudia, baina dietak 2010eko abuztuaren 31n hasi ziren kobratzen.
Saio bikoitz eta hirukoitzengatik "dirutza" kobratu zutela salatu zuen epaileak autoan. Gainera, saio horietako batzuen "helburu bakarra kutxako gobernu erakundeen artean akordiorik ez zela izan jakinaraztea zen" eta ez zegoen inputatuen "inolako partehartze aktiborik".
Gainera, jasotako eta "justifikazio zaila" zuten diru-kopuruak ere zigortzeko modukoak izan litezkeela ebatzi zuen, Kutxa ikuskatu behar zutenek karguak zituztelako Foru Gobernuan, Iruñeko Udalean edota Parlamentuan.
Kredituak
Kutxako arduradunen senideei edota horien enpresei emandako kredituei dagokienez, finantza erakundearen organuetako kideen erantzukizuna "argia" dela uste du epaileak, eskainitako interes tasak ohikoak baino txikiagoak baitziren.
Horregatik, kreditu horiek eman izana funtzionario-eroskeria edota prebarikazio delitua izan liteke, "kutxa ikuskatu behar zutenekin lotura zuten hainbat pertsonari mesede egin zietelako".
Kobratutako dietak
Miguel Sanz Nafarroako presidente ohia 16 bileratara joan zen eta 39.028 euro kobratu zituen Batzorde Iraunkorrean, eta 50.711 gehiago Erakunde Sortzaileen Batzordean. Lehenengo diru kopurua itzuli egingo du, baina bigarrena ez.
Alvaro Mirandak ere 16 bileratan parte hartu zuen Batzorde Iraunkorrean, eta 27.472 euro kobratu zituen. Mirandak ere itzuli egingo du dirua, baina ez CANeko Erakunde Sortzaileen Batzordean jasotako 34.340 euroak.
Enrique Maya Iruñeko alkateak, bere aldetik, 6.868 euro jaso zituen Batzorde Iraunkorraren lau bileratan parte hartzeagatik. Guztira 12.019 euro jaso zituen eta guztia itzuliko zuela iragarri zuen.
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea 16 bileratara joan zen eta 31.324 euro jaso zituen trukean. Hala ere, guztira 68.500 euro kobratu zituen, baina dagoeneko itzuli ditu.
Kontuz!
Kontuz! erabiltzaile eta kontsumitzaile elkartea pozik agertu da inputazioarekin, Nafarroako ekonomia "ustelen esku" izan dela frogatzen ari direlako. Era berean, Patxi Urrutia elkartearen bozeramaileak Euskadi Irratian azaldu duenez, inputazioak "egia jakiteko bidean" jarriko du prozesua.