Herriraren elkarretaratzea
Presoen egoeraren aurrean 'ausardia' eskatu die Garitanok gobernuei
Erredakzioa
Herrirak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte hiriburuetan. 'Thierry'ren ''heriotzaren inguruan gertatutako guztia'' salatu nahi izan dute, Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi duenez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
''Presoen egoerari ausardiaz eta erabakitasunez aurre egitea'' eskatu die gaur Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Espainiako eta Frantziako gobernuei, haren ustez egungo testuinguruan ''ezinbestekoa'' baitira.
Egungo espetxe politikaren kontra Herrirak deitutako Donostiako elkarretaratzean hartu du parte Garitanok, eta bertan izan dira baita ere, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea (Bildu), eta Sortuko zenbait ordezkari, tartean Joseba Alvarez eta Marian Beitialarrangoitia.
Ahaldun nagusiak azaldu duenez, helburua ''Thierryren heriotzaren inguruan gertatutako guztia'' salatzea eta ''gaixo dauden eta zigorraren hiru heren bete dituzten presoak berehala aske uztea'' eskatzea izan da helburua.
Beñat Zarrabeitia Herrirako bozeramaileak, bestalde, ''egungo espetxe politika aldatzea eta euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behar uztea'' eskatu du, haren hitzetan, ''neurri horien ondorioak tragikoak eta konponezinak direlako eta giza eskubideak nabarmen urratzen dituztelako''.