CAN-eko dieten auzia
'Kontzientzia garbi' duela esan du Enrique Mayak
Erredakzioa
Iruñeko alkateak, kargu publikoa duen inputatu bakarrak, "zuzen" jokatu zuela adierazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Enrique Maya Iruñeko alkateak "kontzientzia garbi" duela, bere jokaera "egokia" izan zela eta "zuzen" jokatu zuela esan du Nafarroako Kutxako dieten auziagatik epailearen aurrean deklaratu ostean.
Deklarazioak "auzia argitzen laguntzea" espero duela esan du Mayak kazetarien aurrean, ordu eta erdiz epailearen aurrean deklaratu eta gero.
Iruñeko alkateak azaldu duenez, "normaltasun eta lasaitasun osoz" deklaratu du, eta alde guztietako galderei erantzun diela gaineratu du, baina ez du deklarazioaren inguruko xehetasunik eman.
Oposizioko alderdiek (PPNk izan ezik) behin eta berriro dimisioa emateko eskatu badiote ere, Iruñeko alkateak berretsi du ez duela dimisioa emango, "ikerketa judizialak jokaera zuzena izan ez zela ondorioztatu ezean".
Epaileak inputazioa kentzea nahi duela adierazi du, "zuzen" jokatu duelako, baina herritarren erreakzioa ulertzen duela gaineratu du, "jokaera egokia izan ez dela uler dezaketelako".
Erreakzio hori agerian geratu da Justizia Auzitegiaren kanpoaldean. Kontuz! elkarteak deituta, hainbat lagun bildu dira bertan, eta, besteak beste, "lapurra" esan diote oihuka. Halaber, dimisioa emateko eskatu diote Auzitegira sartu eta atera denean.
"Lasai" jarraitzen duela esan du "epaileak egoki deritzon epaia noiz emango zain" eta konfiantza osoa duela azpimarratu du "egiten duena egiten duela, ongi egongo da", gaineratu du.
Jasotako dietak "oso altuak" zirela esan zuela ekarri du gogora, eta horregatik itzuli zituela. Ildo horretan, "itzuli ostean, lasai" geratu zela azaldu du. "Orain, gertatu dena ikusita, hobe izango zatekeen inoiz gertatu ez izana, baina horrek ez du esan nahi legez kanpokoa zenik", esan du.
CAN auzian deklaratu duen bigarrena
Enrique Maya Iruñeko alkateak inputatu gisa deklaratu du Nafarroako Justizia Auzitegian, Nafarroako Kutxako (CAN) dieten auzian. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia eta Alvaro Miranda Ogasun eta Ekonomia kontseilari ohia ere inputatuta daude, guztiak ere CANeko Batzorde Iraunkorreko kideak.
Iruñeko Udaleko oposizioak planto egin zion Enrique Maya alkateari osteguneko plenoan. Oposizioko talde politikoek ez zuten gai-zerrendako ekimenik aurkeztu, ezta ekimenak eztabaidatu nahi izan ere.
Maya CAN auzian deklaratu duen bigarrena da, ostiralean Miguel Sanzek deklaratu ostean. Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidente ohiak epaileari ukatu egin zion Nafarroako Kutxan legez kanpoko jarduerarik egin zuenik. "Ez naiz inoiz aberastu", gaineratu zuen.
"Espero dut dena argitu izana, ez naizelako inoiz aberastu, inoiz ez. Nire jarduera guztia Nafarroaren eta ordezkatu ditudan erakundeen zerbitzura egon da'', adierazi zuen. Halaber, Nafarroako Kutxan zenbat kobratzen zuen ez zekiela esan zion epaileari, eta dietak ez zirela inoiz soldataren parte gisa hartu.
Nafarroako presidente ohia pozik agertu zen deklaratu ostean, ''egia argitzeko aukera'' izan zuelako.
Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko kontseilari ohiak apirilaren 16an deklaratuko du epailearen aurrean, 10:00etatik aurrera.
Epaileak, ordea, ez du Yolanda Barcina Nafarroako presidentea deklaratzera deitu, Sanz, Maya eta Mirandarekin batera Batzorde Iraunkorreko kidea izan arren. Nafarroako presidentea inputatuz gero, auzia Auzitegi Gorenak ebatzi beharko luke Barcina forupekoa delako.