Itxi

Iruñeko Auzitegiaren eskaera

Nafarroako Kutxako dietak ez ikertzea onartu du Auzitegi Nazionalak

Erredakzioa

Gorenean eskumenen gaia ez aurkeztea erabaki du Velasco epaileak, Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari orokor ohiak eskatu zuen bezala. Hala ere, erabakiari helegitea jar diezaiokete.

Auzitegi Nazionala.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Iruñeko 3. instrukzio epaitegiari Nafarroako Kutxako dieten auzia ez eskatzea onartu du. Auzitik urruntzea errefusatu zuen Iruñeko epaileak, eta era horretan, ez du Auzitegi Gorenean eskumenen gaia mahaigaineratuko.

Maria Paz Benito epailearen eskumena onartu du. Azken honek dieten auzia ez ezik, kutxaren arduradunen senitartekoei emandako maileguen ikerketa Auzitegi Nazionalera igortzea errefusatu zuen, baita enpresa batzuei maileguen interesak ohikoak baino txikiagoak jartzearen inguruko ikerketa ere.

Banca Civicako kontseilarien aurka UPyDk jarritako salaketa bideratzea onartu zuen martxoaren 11n Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak entitatea burtsan atera zeneko irregulartasunengatik. Bestalde, Kontuz! elkarteak CANen inguruan salatutakoak bideratzeko eskatu zion "auzia ez zatitzeko".

Bere eskumenetik at ikusi zuen Velascok ordea, Nafarroako agintariek utzikeriagatik egindako ustezko prebarikazio delitua, Nafarroako Kutxa ez ikuskatzeagatik.

Orain, erakundeen kontrol ezarekin lotutako prebarikazioarekin "lotuta bereizezina" duela esan du.

Epaile nafarrari beraz, arrazoia eman dio. "Diru-kopuru horren ordainketek ez dakarte ustezko sozietate delitua, ustezko eroskeria delitua baizik", argudiatu zuen Maria Paz Benito epaileak eta prebarikazio delitutik ezin berezizkoa dela esan zuen. Eskumen hori beraz, Nafarroako Auzitegiari dagokio.

Horren iritziz, "ordainketa horiek jasotzen zituztenak Nafarroako Kutxaren ikuskaritza egin behar zuten berberak ziren".

Hori dela eta, Gorenean eskumenen gaia ez mahaigaineratzea erabaki du Velasco epaileak Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari orokor ohiak eskatu zuen bezalaxe. Hala ere, erabaki horri helegitea jar dakiokete.

Albisteak (3)