'Euskadi Galdezka'
Urkullu: 'Abertzalea naizen heinean, Euskadi independentea nahi dut'
Maider Beistegi
Bilbo
"Euskal Herri osoa osatzen duen Euskadi batez hitz egiten ari naizela, errealitateaz jabetu behar gara", zehaztu du lehendakariak 'Euskadi Galdezka' saioan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Independentzia, bakegintza, ETA, presoak eta Aurrekontuak izan ditu hizpide Iñigo Urkullu lehendakariak 'Euskadi Galdezka' saioaren elkarrizketaren bigarren zatian.
Abertzale den heinean, Euskadi independentea izatea nahi duela esan du lehendakariak, baina "Euskal Herri osoa osatzen duen Euskadi batez hitz egiten ari naizela, errealitateaz jabetu behar gara. Nola heldu horretara? Jakinda zazpi lurraldeetan egoera desberdina dela, gakoa da nola egiten dugun bidea zazpi lurralde horiek erabakitzeko, herritarrean borondatea hori baldin bada", gaineratu du. Horren ildoan, bidea EAEtik hasita egin behar dela nabarmendu du, "egunen batean burujabetasunaren bidez galdeketa batera iritsita".
"Abertzalea naizen heinean aberri bat nahi dut", esan du Urkulluk, baina zehaztapena egin du gero: "XXI. mendean bizi naiz eta badakit Euskal Herriaren egitura juridikoa zein den. Errealitatearekin lan egin behar dut, hori baino garrantzitsuagoa da gure buruaren jabe izatea, independentzia formula bat da, baina gakoa da formula horretara iristeko nola eman urratsak".
Estatus juridiko berri bat lortzeko urratsak Jaurlaritzaren 1.000 egunerako egitasmoan jasota daudela ekarri du gogora lehendakariak. "Legealdiak lau urte ditu eta lau urte egoteko asmoa daukat", esan du. Horren ildoan bere lan ildo nagusiak hiru direla gogoratu du: berpizte ekonomikoa, bakea sendotzea eta bizikidetza, eta autogobernu estatusaren gogoeta.
Autogobernu estatusari dagokionez adierazi duenez, "indar politiko guztien arteko lantalde bat sortu beharko litzateke Legebiltzarrean. Adostasun batera heldu eta gero, 2015ean, akordio bat balego euskal gizarteak berretsi beharko luke galdeketa baten bitartez".
ETA
Laura Mintegik Bakerako lantaldearen osaketan egin zituen adierazpenek hautsak urratu zituzten. Martxoaren 14ko Eusko Legebiltzarreko saioan ETAren hilketek jatorriko politikoa zutela eta elkarrizketaren bidez ekidin zitezkeela adierazi zuen Laura Mintegik. Hitz horien inguruan duen iritzia galdetuta, hilketek giza eskubideak urratu egiten dituztela adierazi du. Horren ildoan gaineratu duenez, "bizitza urratu da hainbat aldiz gure herrian. Benetan aukera bat dugu une honetan, gizarte honetan hainbat gorroto gainditzeko. Aukera hori aprobetxatu beharko genuke denok".
Presoak
Presoen gaiak kezkatzen duela esan du Urkulluk, eta hain justu gai hori Mariano Rajoy presidenteari behin baino gehiagotan mahai gainean jarri diola adierazi du: "Kezkatzen nau sakabanaketak eta urrunketak. Ez gara ari presoen eskubideez bakarrik, euren senitartekoez, birgizarteratzeaz ere ari gara. Niretzako oso gai garrantzitsua da".
Aurrekontuak
2013ko Aurrekontuak aurrera ateratzeko amorerik ez duela emango esan du lehendakariak eta alderdi politikoei "oinarrizko akordiorako dokumentua" aurkeztu diela gogoratu du. Aurrekontuak lehendakariarentzat ez direla azpimarratu du, "herritar guztientzat baizik".
Herritarren galderei erantzuteko saioan, Urkulluk nabarmendu du Espainiako Gobernuak onartutako Lege batzuen aurrean helegiteak jartzen jarraituko dutela, "gure eskumenak ukituak izango badira". Hala ere, "aurrez aurre jarri aurretik", ekarpenak egin eta legeak hobetzen saiatuko direla berretsi du Urkulluk.
Rajoyrekin bilera
Lehendakaria "egoera ekonomikoaren inguruan" eta "bakegintza sendotzearekin zerikusia duten gaiei buruz" aritu zen iragan astean Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin, gaur ETB-1eko 'Euskadi Galdezka' saioan adierazi duenez. Urtarrilaren 30ean egindako aurreneko bileratik, Rajoyrekin "telefono eta e-posta" bidez harremana mantendu du lehendakariak.