Kontrol saioa
Eusko Legebiltzarreko presidenteak hitza kendu dio Maneirori
Erredakzioa
Tejeriak hiru aldiz kargu hartu dio UPyDko legebiltzarkideari, eta, bere horretan 'jarraitu' duela ikusita, tribuna uzteko gonbita egin dio.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hitza kendu dio Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideari gaur, Gasteizko Ganberako kontrol saioan. EH Bilduri ETAko presoei "preso politiko" deitzeko "baimena" ematea kritikatu du Maneirok, interpelazioa beste gai bati buruz galdera egiteko eskatu arren. Tejeriak hirutan eskatu dio gaira lerrotzeko, baina bere horretan jarraitu duela ikusita, tribuna uzteko gonbita egin dio.
Urkulluk Rajoyrekin egindako bilerari buruz galdera egiteko eman dio hitza Tejeriak Maneirori. UPyDko legebiltzarkideak hitz egin aurretik, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak kartzela politika malgutzeko eskatu du, eta bere hitzaldian presoak izan ditu hizpide.
Maneirok Tejeriaren jarrera gaitzetsi du, Arzuagari "preso politiko" terminoa erabiltzen uzteagatik. Tejeriak interpelaziora lerrotzeko eskatu dio Maneirori, baina, bereari eutsi diola ikusita, hitza kendu dio.
Geroago, idatzi bat aurkeztu dio Maneirok Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, eztabaidaren harira. Maneiroren ustez, ETAko presoei erreferentzia egiteko "preso politiko" terminoa erabiltzen uztea ez da onargarria, eta neurriak hartzeko eskatu dio Mahaiari.