Elkarrizketa Euskadi Irratian
Ertzaintzak 'Espainiako botereari men egiten' diola salatu du Mintegik
Erredakzioa
Bestalde, PSEk esan du Ertzaintzak bere lana besterik ez duela egin; PPk Laura Mintegi Ondarroan egon izana deitoratu du; eta UPyDk Ertzaintzak "zirkua" beranduaegi eten duela kritikatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Laura Mintegi EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak "Ertzaintzak Espainiako agintariei eta botereari men egiten" diela adierazi du eta hori ez dela "ulertzen" salatu du.
Ertzaintzak Urtza Alkorta atxilotu du goizean Ondarroan, Auzitegi Gorenak bost urteko espetxe zigorra ezarri zion gazte ondarrutarrari, ETAren talde bati laguntzea egotzita.
Laura Mintegik Ondarroan bizitako egoera "ikuskizun tristea eta penagarria" dela esan du eta Ertzaintzari "hausnarketa bat" egiteko eskatu dio.
Euskadi Irratiari Ondarroatik eskainitako elkarrizketa batean, Mintegik adierazi du "bortizkeriaren garaia amaitu" dela eta "herritarrek bakea nahi" dutela. Hori dela eta, "atxiloketa aldi honekin amaitzeko" deia egin du.
EH Bildu koalizioko bozeramaileak gogor kritikatu du Ertzaintzaren jarrera eta "herriari erantzun beharrean, Euskal Herrikoa ez den beste botere bati erantzuten" ari zaiola deitoratu du.
"Euskal Poliziak Espainiako agintariei eta boterei egiten die men eta hori ez da ulertzen", salatu du Mintegik. "Herriak esan du nahikoa dela, atxiloketen zikloa amaitu dela eta horregatik Ertzaintzak hausnarketa egin behar du. Zeinen menpe dagoen ikusi behar du".
Bakea eta elkarbizitza "herrigintza eta erakundeak" uztartuta lortuko dela azpimarratu du Mintegik eta horregatik joan dela Ondarroara azpimarratu du.
PSE: "Atxiloketa ez da Ertzaintzaren kapritxo baten ondorio"
Jose Antonio Pastorren hitzetan, Urtza Alkortaren atxiloketa "ez da Ertzaintzaren kapritxo baten ondorio edo Segurtasun Sailaren mendeku nahia; Ertzaintzak ebazpen judizial bat bete du, besterik gabe".
"Ertzaintza dagoenerako dago. Eta Polizia Judizialaren lana egitea agintzen diotenean, gainerako indar polizialek bezala, ebazpen judizialak dioena betetzen du; eta oraingoan ere hori egin du", nabarmendu du PSEren Legebiltzarreko bozeramaileak ETBn egindako elkarrizketan.
PP: "Mintegiren jarrera deitoragarria da"
Borja Semper PPko legebiltzarkideak Ertzaintzaren "profesionaltasuna" goraipatu du eta Laura Mintegi EH Bilduren bozeramailea eta ezker abertzaleko beste ordezkari batzuk gaur Ondarroan egon izana "deitoragarria" dela adierazi du.
Horrez gain, metaforikotzat jo du Urtza Alkorta "zubi baten erdian" atxilotu izana: "ETAk eta ezker abertzaleak zeharkatu nahi ez duten zubiaren erakusle da, legearen kontrako izatetik Zuzenbide Estatura eta demokraziara eramaten duen zubia".
UPyD: "Ertzaintzak gehiegi itxaron du zirkua eteteko"
Gorka Maneirok Ertzaintza zoriondu du Urtza Alkorta atxilotu duelako, baina atxiloketa lehenago egin behar zutela erantsi du. "Ertzaintzak denbora gehiegi hartu du zirku hori eteteko", azpimarratu du.
EH Bilduko legebiltzarkideek atxilotuari babesa emateko Ondarroan egon izan ere gogor kritikatu du.