Itxi

Elkarrizketa

Tejeria: 'ETAko presoek motibazio politikoa dute'

Erredakzioa

Ohartarazi duenez, Espainiako Gobernuak kartzela-politika malgutu beharko du, garai berrietara egokitzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ETAko presoak ez dira 'politikoak', 'motibazio politikoa' duten presoak baizik, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen arabera. Horren ustez, Espainiako Gobernuak kartzela-politika malgutu beharko du, garai berrietara egokitzeko.

ETBn egindako elkarrizketa batean, Eusko Legebiltzarrak preso politikoen gainean ostegunean onartutako ebazpena izan du hizpide. Euskal Herrian ez dagoela 'preso politikorik' onartu zuen Legebiltzarrak. Tejeriaren esanetan, osteguneko eztabaidan alderdi bakoitzak bere ikuspuntua adierazi zuen, baina ebazpena ez da loteslea.

Aurreko legegintzaldietan terminoa erabili izan bada ere, orain salatu dute "preso politiko" terminoaren erabilera: "Iraganean ez zuten ezer esan eta ez zuten kexarik aurkeztu". Gaineratu duenez, Eusko Legebiltzarrean posible da preso politikoez hitz egitea.

"Hiltzaileak gaizkileak dira eta kartzelan egon behar dute, eta ETAko presoek motibazio politikoa dute delituak egiteko. Ezberdin pentsatzen duelako akabatu dute etsaia. Ez dira preso politikoak, baina motibazio politikoa dute", adierazi du.

PSE-EEk, PPk eta UPyDk onartu zuten ebazpena, EH Bilduk kontrako botoa eman zuen, eta EAJ abstenitu egin zen, gai horiek Legebiltzarreko Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldean eztabaidatu behar direla iritzita.

Ondarroako "herri harresia"

Urtza Alkortaren atxiloketa saihesteko Ondarroan eratu zen "herri harresia" ere izan du hizpide. Ertzaintzak asteazken goizean atxilotu zuen gazte ondarrutarra, 118 ordu iraun zuen Aske Gunean sartu eta zubian Alkortaren atxiloketa galarazten saiatu ziren ehunka herritarrak bertatik aterata. Tejeriaren esanetan, "ez da harresiak eratzeko garaia, horiek botatzekoa baizik". Halaber, bakegintzan eta normalizazioan aurrerapausoak ematearen alde hitz egin du.

"Protesta baketsuak ongietorriak izango dira, eta nahiago nuke iraganean ere ideia politikoak modu baketsuan defendatu izan balituzte", adierazi du. Gaineratu duenez, Ertzaintzak bere zereginak bete behar ditu.

Bideoak (1)