'El Pais'en arabera
Gurtel sareak Aznarren alabaren ezkontzaren zati bat ordaindu zuen
Erredakzioa
Ordainketa 32.452 eurokoa izan zen. Alejandro Agagek argudiatu du "opari" bat izan zela eta dirua ezkontza osteko festaren argiztapena ordaintzeko erabili zutela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gurtel sareak Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiaren alabaren (Ana Aznar) ezkontzaren zati bat ordaindu zuen 2002ko irailean, El Pais egunkariak gaur argitaratu duenez.
Komunikabide horren arabera, ordainketa 32.452 eurotakoa izan zen eta Francisco Correa ustelkeria sarearen arduradun nagusia ezkontzan izan zen, gonbidatuta.
Ana Aznarren senarrak, Alejandro Agagek, onartu egin du Gurtel sarearengandik dirua jaso zutela, baina "opari" gisa izan zela azpimarratu du. Era berean, dirua Los Arcos del Real finkan egindako festaren argiztapena ordaintzeko baino ez zutela erabili argudiatu du.
Garai hartan Agagen laguna zelako gonbidatu omen zuten Correa ezkontzara. Alabaina, Agagek argitu nahi izan du orduan Correa ez zegoela auzipetuta eta berak ez zuela inolako kargu publikorik.
El Pais-en esanetan, Poliziak duela bi urte atzeman zituen aipatu informazioa baieztatzen duten dokumentuak, baina orain arte ez da ezer jakinarazi.
Agagek El País-en aurka egingo du
"Ustezko saretik ezer" jaso ez duela adierazi du Alejandro Agagek. Gurtelekin "zerikusirik" ez duela erantsi du, eta El Pais egunkariaren aurka egingo duela iragarri du.
Agiri batean azaldu duenez, "ustezko saretik sekula ezer" jaso ez duela azaldu zion atzo egunkariari. "Bere gonbidatu baten eskutik opari bat" jaso zuela gaineratu du.
Ezkontza ospatu zenean, "duela hamar urte eta erdi, Gurtel sareari buru ezer" ez zekitela esan du Agagek agirian.
"Lotura dagoela esatea, egunkariko irakurleak eta iritzi publikoa nahasteko helburu argiarekin egiten da, Agag jaunari kalte egiteko eta aipua kentzeko xede bakarrarekin", adierazi du.
"Lekuko edo inputatu gisa" auzi judizialik zabalik ez duela gogorarazi du Agagek eta bere abokatuak "El Pais egunkariaren aurka egitea" atertzen ari direla aurreratu du.
'Ezkontzako oparia' izan zela ziurtatu du Botellak
Ana Botella Madrileko alkateak ziurtatu duenez, horren alabaren eta Alejandro Agagen ezkontzaren ostean egindako festaren argiztapena "opari" bat izan zen.
Francisco Correaren sarearekin ustezko harremanaz galdetu diotenean erantzun du Botellak, eta horren suhiak informazioa argitaratu duen egunkariari bidalitako komunikatuari eutsi dio.