Itxi

Gomendioak

Foro Sozialak ETA desarmatzea eta presoak gizarteratzea eskatu du

D. Perez / G. Palacios (Donostia)

Lokarrik sustatutako Foro Sozialak 12 "gomendio" aurkeztu ditu, bake prozesua "desblokeatzeko".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nazioarteko Bake Konferentzia hartu eta urte eta erdira, ETAk indarkeriaren amaiera iragarri eta gero abiatutako bake prozesua "desblokeatzeko eta sustatzeko" beste ekimen bat ekimen bat egin dute astelehen honetan Aieteko Jauregian (Donostia).

Hori horrela, Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialak 12 "gomendio" helarazi dizkie gaur presoei, ETAri eta Espainiako Gobernuari.

Foro hori martxoaren 14an eta 15ean egin zuten, Iruñean eta Bilbon, eta Lokarri eta Bake Bidea plataformek antolatu zuten. Bertan, gatazken konponbidean aditu diren nazioarteko eragileak alderdi politikoekin eta mugimendu sozialekin batzartu eta hitz egin zuten.

Bileron ondorio gisa, Foro Sozialak "eragindako mina aitortzea" aholkatu die presoei, "armak eta egitura militarrak desegitea" ETAri, eta "legeak errealitatera egokitzea" eta iheslarien egoera aztertzea Espainiako Gobernuari, beste hainbat konturen artean.

12 gomendioak

Txostenaren lehen puntuan, Foro Sozialak "elkarrizketa eta berradiskidetzea" sustatzeko deia egin du, "etorkizuneko elkabizitzarako oinarri sendoak" ezartzeko. Ahalegin horretan "erakundeak, alderdi politikoak eta gizarte zibila" egon beharko liratekeela uste dute.

Hurrengo bi puntuetan, "zentzuzko denbora-tarte batean" ETAren egitura militarrak eta armak desegiteko prozesu "kontrolatu, ordenatu eta adostu" bat abiatzea aholkatu du. Gainera, prozesu horren hasieratik "erakunde erraztaile independienteen esku hartzea" proposatu du, "egindakoaren segurtasuna emateko".

Presoen eta iheslarien alorrean, "giza eskubideen kontra edo presoen trataera humanitarioaren kontra doazen espetxe politikaren aspektuak aldatzea" gomendatu dio Espainiako Gobernuari. Horren ildotik, zigorra bete duten eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, sakabanaketaren amaiera eta iheslariak "gizarteratzeko bideak aztertzea" aipatu dituzte.

Presoei, halaber, "bakearekin konpromisoa agertzeko, indarkeriari uko egiteko eta eragindako mina aitortzeko" deia egin die.

Foro Sozialaren ustez, presoen gizarteratze prozesuak "banakakoa" izan behar du, eta "era mailakatuan eta zentzuzko denbora-tarte batean" abiatu behar da. Era berean, presoak prozesuaren parte izatea aldarrikatu dute.

Giza eskubideei dagokienez, foroak horien egoera aztertzeko "erakunde independente bat" sortzea eta "Estatuaren Segurtasun Indar eta kidegoen kopurua eta eginkizuna berdimentsionatzea" proposatu du.

Bestalde, foroak "inpunitataren" aurka egin du, baina nazioarteak justiziaren ezarpena "bake prozesu testuingurura" egokitzea ahalbidetzen duela gogorarazi du,

Oroimenaren eta bizikidetzaren arloan, Foro Sozialak "gertatutakoa eta horren kausak azertzea, biktima guztiak aintzatestea, eragindako mina aitortzea eta kalte-ordainak ematea" aholkatu du.

Azkenik, "biktima eta giza eskubideen urraketa guztien datu base ofizial bat sortzea" gomendatu du, "jazotakoaren memoria gordetzeko".

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)