Auzitegi Nazionala
Fiskaltzaren ustez, baliteke ETAk 'ekintza armatua' berreskuratzea
Erredakzioa
Josetxo Ibazeta Bilduren aholkulari ohiaren aurkako epaiketan egin ditu adierazpenok fiskalak. Akusatuak, bestalde, ukatu egin du zaleak mehatxatu izana, eta ''sesio txiki'' bat izan zela adierazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Carlos Bautista fiskalaren ustez, baliteke ETAn zatiketa izatea eta erakunde armatuko kideek ekintza armatua berreskuratzea, Barne Ministerioak esku artean dituen hainbat txosten aipatuta adierazi duenez.
Bautistak Auzitegi Nazionalean egin ditu adierazpenak, Josetxo Ibazeta Bilduren aholkulari ohiaren aurka egindako epaiketan. Hain zuzen ere, Donostian Eurokopako garaipena ospatzen ari ziren Espainiako selekzioaren zale batzuei mehatxu egitea egotzita epaitu dute Ibazeta.
Saioan, hiru lekuko babestearen alde egin du, Barne Ministerioaren hainbat txostenen arabera ETA indarkeriara itzul litekeela argudiatuta. Izan ere, Fiskalaren ustez, egoera orain ez da berdina, eta ETAk martxoaren 26an kaleratutako komunikatua aipatu du horren adierazgarri. ETAk testu horretan jasotako hitzak gogoratu ditu fiskalak; alegia, ''hemen denak aritu dira oinarri faltsuekin'', eta ''aldebiko prozesuan bi aldeen lagapenak beharrezkoak dira''.
Lagapen horiek egongo ez balira, ''orain bizi dugun blokeo fasea sortuko litzateke, ETAk berak aitortu duenez'', gaineratu du fiskalak.
Halaber, Barne Ministerioak esku artean dituen hainbat txostenen arabera, blokeo fase horrek ''zatiketa'' eragin dezakete, eta ''ETAk ekintza armatua berreskuatzea''.
Hori dela-eta, Ministerio Fiskalak ez du onartu hiru lekukoen babesa bertan behera uztea, defentsak eskatu bezala, fiskalaren ustez, frogatuta baitago arrisku egoera bizi dutela bai hiru lekuko horiek eta baita epaiketan deklaratu duen Ertzaintzako agenteak ere.
Gobernuak ez du atentaturik egongo denik ondorioztatzen duen txostenik
Bautistaren adierazpenen ondoren, terrorismoari aurre egiteko taldeek argitu dute Barne Ministerioak ez duela inolako txostenik ETAk atentatu gehiago egingo dituela dudarik gabe ondorioztatzeko. Hala ere, arrisku hori egon badagoela agerian uzten duten azterketak esku artean dituztela aitortu dute.
Ibazetak ukatu egin du zaleak mehatxatu izana
Josetxo Ibazetak, bestalde, ukatu egin du Espainiako selekzioaren hiru zaleak mehatxatu izana, eta goizaldeko ''sesio txiki'' bat izan zela adierazi du.
Gaurko saioan zehar, ustez mehatxuak jaso zituzten hiru lagunek grabatutako bideoa erakutsi dute, eta, liskar osoa ikusten ez bada ere, entzungai izan da akusatuak egindako "Gora ETA militarra" oihua, perituak adierazi bezala.
Ibazetak azaldu duenez, etxerantz zihoan, eta, giltzak eskuan zituela, hiru lagunetako batek ''gudari'' oihukatu omen zion. Bertara hurbiltzeko keinuak ere egin zizkiola esan du, eta, Ibazetak azaldu duenez, eztabaida izan zuten, euskaraz. Akusatuak tentsioa handia zela aitortu duen arren, hiru zaleak mehatxatu izana eta kontaktu fisikoa egon izana ukatu du. Ibazetaren hitzetan, goizaldeko ''sesio txiki'' bat izan zen, ''garrantzi gabea''.
Bestalde, hiru zaleek ekintza orduan salatu ez izana baina bideoa bi komunikabidetara igorri izana azpimarratu du akusatuak, eta horren atzean arrazoi ''politikoak'' daudela uste du.
Eskaerak
Fiskalak hasierako eskaera aldatu eta, bi urte eta 10 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Ibazetarentzat, hasieran baino hiru hilabete gehiago.
Defentsak, bestalde, akusatuaren absoluzioa eskatu du.