'Barcenasen agiriak'
FCCko presidente ohiak PPri 60.000 euro eman izana aitortu du
Erredakzioa
PPri egindako ordainketak legezkoak izan zirela ziurtatu du Mayor Orejak, enpresa ez baitzen administrazioaren kontratista. Azvi taldeko presidenteak dohaintzez ezer ez dakiela adierazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
BBR eta Promociones Teide sozietateek PPri 60.000 euro oraindu zizkiotela onartu du gaur Jose Maria Mayor Oreja FFCC Construccion konpainiako presidente ohiak, baina ordainketak legezkoak izan zirela ziurtatu du, administrazioaren kontratistak ez zirelako.
Mayor Orejak inputatu gisa deklaratu du Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. 40.000 eta 20.000 euroko dohaintzak legezkoak izan zirela errepikatu du Mayor Orejak, enpresak administrazioaren kontratistak ez direlako.
Dohaintzak egin baino lehen aholkularitza juridiko baten laguntza eskatu zutela azaldu du FCCko presidente ohiak. Ordainketak legez kontrakoak ez zirela erabaki zuen aholkularitzak, eta geroago hirugarren dohaintza bat egiteko aukera aztertu zuten, baina azkenean baztertu egin zuten.
2008an, Barcenasen agirietan 165.000 euroko dohaintza agertzen da, bi ordainketa ezberdinetan, baina Barne ministro ohiaren anaiak dokumentazio horren zergatia zein den ez dakiela esan du.
Azvi taldea
Bestalde, Manuel Contreras Caro Azvi taldeko presidenteak dohaintzetaz ezer ez dakiela adierazi du Ruz epailearen aurrean. Barcenasen agirietan zergatik azaltzen den susmoa baduela esan du, baina ez duela azalduko. Zentzu horretan, auzia artxibatzen denean ekintzarik abian jarri ala ez erabakiko duela iragarri du.
Manuel Contreras Caro Azvi taldeko presidentea. Argazkia: EFE
Barcenasen agirien arabera, Manuel Contrerasek 858.000 euroko dohaintza eman zion PPri 2002tik 2008ra arte, 13 ordainketa ezberdinetan.
Luis del Rivero Sacyr enpresako presidente ohiak PPri dohaintzarik eman ez diola esan du gaur. Hala ere, PPko ministroekin, eta PSOEko eta CiUko goi-kargudunekin bildu zela onartu du, bere konpainia oso garrantzitsua zelako, iturri juridikoen arabera.
Luis del Rivero Sacyr enpresako presidente ohia. Argazkia: EFE
Del Riverok salatu duenez, El Pais egunkariak Barcenasen agirietatik ezabatzeko deitu zion, "trukean hitz egin behar zuen", baina dirurik entregatu ez zuenez egunkariarekin negoziatzeko ezer ez zuela erantsi du.
Del Riveroren adierazpenak "irmo" gezurtatu ditu El Pais egunkariko bozeramaile batek.