Itxi

Auzitegi Nazionalak

Herriko tabernen auzian epaiketa hastear dago Auzitegi Nazionalean

Erredakzioa

Besteak beste, Arnaldo Otegi, Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Rufi Etxeberria daude auzipetuta.

Arnaldo Otegi, Bateragune auziko epaiketan. Argazkia: eitbcom

Herriko tabernen auzian akusazioak eta defentsak emandako froga guztiak jaso eta gero, orain ahozko epaiketa hasteko eguna ezarri behar du Auzitegi Nazionalak.

Auzitegi Nazionalaren zigor-arloko salak gaur argitaratu duen epaian zehazten denez, Terrorismoaren Biktimen Elkarteko eta Dignidad y Justicia elkarteko froga guztiak onartu dituzte, ez ordea, defentsak aurkeztutako guztiak. Ezker abertzaleko ia 40 kideren defentsek eta 100 herriko tabernak baino gehiagok aurkeztutako frogen gehiengoa onartu dute, baina ez guztia.

Auzipetuen artean, ezker abertzaleko hainbat kide daude, tartean, Arnaldo Otegi (Bateragune auziagatik espetxean), Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Rufi Etxeberria.

Bi aldeek emandako frogak onartu ostean, Auzitegiak ahozko epaiketa noiz hasiko den zehaztu behar du, beste auzi batzuen lehentasuna eta horien epeak kontuan hartuta, epaian zehazten den arabera.

35/02 makrosumarioa 2002ko martxoan abiatu zuen Baltasar Garzon epaileak. Ia sei urtez izapideak egiten eman ostean, epaileak Batasuneko 40 kide auzipetzea erabaki zuen, herriko tabernen bidez ETA finantzatzea egotzita.

Informazio gehiago (1)