Itxi

CAN auzia

Fiskalak ez du CAN auzia Auzitegi Gorenaren eskuetan utzi nahi

Erredakzioa

UPyDk eta Kontuz elkarteak (CAN auziaren bi herri akusazioak) ere epaileari eskatu diote auzia ez inhibitzea Auzitegi Gorenaren alde, diligentzia osoak ez daudelako oraindik agortuta.

Yolanda Barcina, Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE.

Fiskalak ez du Nafarroako Kutxaren (CAN) auzia Auzitegi Gorenera bideratu nahi uste duelako ez dagoela funtzionario-eroskeria deliturik, magistratuak esaten duenaren kontra.

UPyDk eta Kontuz elkarteak (CAN auziaren bi herri akusazioak) ere epaileari eskatu diote auzia ez inhibitzea Auzitegi Gorenaren alde, diligentzia osoak ez daudelako oraindik agortuta.

Epaileak uste du funtzionario-eroskeriaren inguruko zantzuak aurkitu dituela Nafarroako Kutxako dietetan, eta auzia Gorenera bideratu behar ote duen galdegin die bi aldeei. Izan ere, bere ustetan, "ezinbestekoa" da Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak deklaratzea (bere karguagatik aforatua da).

Nafarroako Kutxako dietak jaso zituztenek ez zuten funtzionario-eroskeria deliturik egin, fiskalaren arabera, nahiz eta kargudun politikoek Batzorde Iraunkorrean parte hartu, irizpidea mantendu egin da agiriek demostratu dutenez.

Fiskalaren hitzetan, epaileak funtzionario-eroskeria delitua matentzen baldin badu auzia Gorenaren eskuetan utzi beharko du, eginbide gehiagorik martxan jarri gabe, delitua egozteko gertakariak "jadanik" finkatu dituelako.

Gainera, auzia Gorenaren eskuetan uztekotan bere osotasunean egin beharko lukeela "argia da", adierazi du fiskalak, inputatu guztiek ekintza bera egin dutelako. Helburua epaitegi ezberdinek kontrako ebazpenak ez igortzea da.

Epailearen ikuspegia, ostera, bestelakoa da. Funtzionario-eroskeriaren zantzu argiak daudela azaldu zuen azken autoan, eta Barcinak inputatu gisa deklaratzea "ezinbestekotzat" jo zuen.

CANeko Batzorde Iraunkorraren bilera bikoitzak nabarmendu zituen epaileak. Bilera bakoitzeko 2.380 ordaindu zizkioten presidenteari, eta 1.717 euro gainerako kideei. Diru kopuru horiek ez ziren dieta gisa jazo Kutxako kontuetan, eta ez zituzten Espainiako Bankua eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala jakinaren gainean jarri.

Epailearen autoaren arabera, bilerak "dietak ordaintzeko aitzakia edo justifikazioa ziren", beste oinarririk ez zutelako. Bileren osaketak Nafarroako Kutxako zuzendariaren oniritzia behar zuen, baina gainerako gobernu organoek ez zuten horren berririk.

Auzia Gorenaren eskuetan uzten baldin badu, hurrengo auto batean funtzionario-eroskeria eta prebarikazioa planteatzeko eskatu dio UPyDk epaileari. Kontuzek, aldiz, ikerketa ildo berriak aurkeztuko dituela aurreratu du, eta beraz, epaileak auziarekin jarraitu behar duela uste du.

Informazio gehiago (1)