Itxi

Bake eta bizikidetza plana

Bakea akordio txikien bidez lortzea proposatu du lehendakariak

Erredakzioa

Iñigo Urkulluk Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Plana aurkeztu du. Urrian onartuko dute behin betiko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak indarkeriaren behin betiko amaiera, eragindako mina aitortzea eta "bestearen egiari lekua ematea" adostu nahi du alderdi politikoekin, legegintzaldi honetan.

Urkulluk Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Plana aurkeztu du gaur goizean, Lehendakaritzan. Urrian behin betiko onartuko dute, eta, bien bitartean, ekarpenak jasotzeko irekita egongo da.

Lehendakariaren ustez, bake-bidea akordio txikien edo "mikroakordioen" bidez egin beharra dago. Hori horrela, indarkeriari buruzko "ondorio partekatu bat" lortzeko, alderdien artean "konfiantza minimo batzuk" ezartzeko eta etorkizunean bizikidetza errotzeko xedez, hezkuntza irizpide batzuk adosteko deia egin du.

Gasteizko Gobernuko buruak "Estatu sena eta konpromisoa" izatea eta "egoerak eskatzen duen mailan egotea" eskatu die alderdi politikoei, bakea eta bizikidetza errotzea helburu.

"Pertsona askok asko sufritu dute. Egingo ditugun gauzak sufrimendu hori arintzeko eta bizikidetza hobetzeko baliagarri izan litezke", aldarrikatu du.

18 ekimen zehatz

Plana hiru arlotan (iragana, oraina eta etorkizuna) zatituta dago, eta 18 ekimen zehatz aurreikusten ditu, hala nola tortura salaketak ikertzea, giza eskubideen urraketei buruzko txosten bat egitea (ostiral honetan aurkeztuko dute), ETAren biktimei eta "babes legalik gabekoei" kalte-ordainak ematea eta espetxe politika aldatzea.

Besteak beste, Oroimenaren Institutua sortzea, Ertzaintzan giza eskubideen inguruko formakuntza programak abiatzea eta biktimen testigantzak eskoletara eramateko planak indarrean jarraitzea ere aurreikusten du Jaurlaritzak.

Gaur bertan, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak plana helaraziko dio Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari.

 

Albisteak (5)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)