Barcenas auzia
Barcenasen kontuak blokeatzea eskatu dio Ruz epaileak Uruguairi
Erredakzioa
Auzia ikertzeko helburuarekin, dagoeneko 21 herrialderi helarazi dizkie eskaerak Ruz epaileak, horietatik gehienak Suitzari. Bertan 48 milioi euro bildu zituen PPko diruzain ohiak.
Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Uruguain dituen kontu guztiak blokeatzea eskatu die Gurtel auzia ikertzen duen Pablo Ruz epaileak bertako agintariei. Zehazki, Barcenasen izenean eta Tesedul sozietatearen izenean dauden kontuak blokeatzea eta PPko diruzain ohiaren jarduna ikertzen ari direla baieztatzea eskatu dio epaileak Uruguairi.
PPko diruzain ohiak Tesedul sozietatea ireki zuen 2008an Montevideon, 90.000 euroko kapitalarekin, eta, horren harian, antolatutako krimena ikertzen aditua den Uruguaiko epaitegi batek Barcenasen inguruan abiatutako ikerketaren inguruko informazioa eskatu du Ruzek.
Epaileak Uruguairi helarazitako lehen eskaera da hau, baina, dagoeneko 21 herrialderi helarazi dizkie eskaerak Ruzek, horietatik gehienak (35) Suitzari. Bertan 48 milioi euro bildu zituen PPko diruzain ohiak.
Ondasunen bahitura
Bestalde, Barcenasi ezarri dioten 43.250.000 euroko berme zibilaren aurrean, PPko diruzain ohiaren ondasunen bahitura egin ahal izateko izapideak abiatu ditu Ruz epaileak. Hala, hiru eguneko epea eman dio epaileak Barcenasi bere ondasunen berri eman dezan.