Osoko bilkura Kongresuan
Rubalcaba: 'Rajoy jauna, alde egin behar duzu'
Erredakzioa
''Nik ez dut inoiz dirurik beltzean jaso eta ez diet gaizkileei SMSrik bidali'', gaineratu du. EAJk ohartarazi dio Rajoyri ez dela nahikoa okerrak onartzea eta Amaiurrek dio Estatua ustelduta dagoela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mariano Rajoy Espainiako presidentearen dimisioa eskatu du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Diputatuen Kongresuan, Rajoyk Barcenas auziaz azalpenak emateko egiten ari diren osoko bilkuran.
Buruzagi sozialistaren esanetan, Rajoy Gobernuko presidente izatea arazo da Espainiako demokraziarentzat, eta horregatik "eskuzabaltasunez jokatzeko" eta kargua uzteko eskatu dio.
Azken hilabeteetan eta, batez ere, Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Suitzak dituen kontuen gaineko informazioa ezagutarazi zenetik Gobernuak izan duen jarrera kritikatu du Rubalcabak.
Espainiako Gobernuko buruak ez dauka espainiarrei sakrifizioak egitea eskatzeko autoritate moralik Rubalcabaren iritziz, "izan ere, PP 20 urtean modu irregularrean finantzatu da eta alderdikideek gainsoldatak jaso dituzte". "Nola esango die zergak ordaintzeko Rajoyk herritarrei, haren alderdiak 20 urtean ordaindu ez baditu?", gaineratu du.
"PPren baitan legez kanpoko finantzazio sistema bat egon da hainbat urtean alderdiaren agintaritzak antolatua eta Rajoyren konfiantzazko pertsona batek zuzendua", Rubalcabaren arabera. Oposizioko buruak ez ditu Espainiako presidentearen azalpenak sinetsi, "gertaerak oso argiak direlako". "Gainsoldatak egon zirela gauza jakina da", gaineratu du.
"Presidente batek ezin ditu legez kanpoko ekintzak babestu edota horiei etekina atera, ezta Parlamentua gutxietsi ezta diruzain ohiaren xantaiari men egin", eta, ondorioz, dimisioa aurkezteko eskatu dio Rajoyri.
''Nik ez dut inoiz dirurik beltzean jaso, ezta gaizkileei SMSrik bidali ere''
Erantzunen txandan, Rajoyrekin aurrez aurre eztabaida bat egiteko prest agertu da PSOEko burua. Haren hitzetan, gaurko saioan ''aurrez aurrekoa'' bilatu du etengabe presidenteak, eta, horren aurrean, Rubalcabak esan du ez duela oztoporik Rajoyri erantzuteko.
''Nire ibilbide politikoan ez dut inoiz beltzean kobratu. Ez dut inoiz nire izena alderdi politiko baten ezkutuko finantzaketa dokumentuetan idatzita ikusi. Inoiz ez diet espainiarrei esan soldata jaitsi behar dutela nirea igotzen nuen bitartean, eta ez diot inongo gaizkileri SMSrik bidali'', gaineratu du Rubalcabak.
Oposizioak Rajoyren dimisioa eskatu du
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak adierazi duenez, okerrak onartzea ez da nahikoa, izan ere, "akatsek ondorioak dituzte politikan". Epaitegiek PPren baitan ezkutuko kontabilitatea egon dela frogatzen badute kargua uzteko prest legokeen galdetu dio Rajoyri. Estebanen hitzetan, "ez da nahikoa erratu zela onartzea, izan ere, akatsek ondorioak izan ohi dituzte politikan". "Zuk izendatu zenuen diruzain, zuk mantendu duzu kargu horretan eta bere lana babestu duzu. Ez al daukazu inolako erantzukizunik?", gaineratu du.
Rajoyk ez du dimisioa aurkeztuko, bozeramaile jeltzalearen arabera, baina ezkutuko kontabilitatea frogatuko balitz dimititzeko prest legokeen galdetu dio.
"Estatu osoa goitik behera usteldura dago, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramailearen iritziz. Errege Etxea eta alderdi politikoak aipatu ditu Errekondok eta baita Euskal Herriko alderdiak ere. Horren ustez, Espainiaren arazo nagusia ustelkeria da, eta ez PPren balizko ezkutuko kontabilitatea.
Ez da nahikoa erratu egin zela aitortzea eta erabaki politikorik ez hartzea, Rosa Diez UPyDk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen arabera. Halaber, Espainia arriskuan jartzea leporatu dio. Bestalde, Diputatuen Kongresuan egia esatea eskatu dio.
Cayo Lara IUko buruzagiak Rajoyren dimisioa eta hauteskundeak aurreratzea eskatu du. "Ez dugu Rajoyk esandako ezer sinisten", gaineratu du.