Itxi

Barcenas auzia

Barcenasen nomina batek Rajoyk Kongresuan esandakoa ezeztatu du

Erredakzioa

'El Mundo'k argitaratutako nomina 2012ko maiatzekoa da eta Rajoyk esan zuen harremana 2011ko abenduan eten zela.

Luis Barcenas PPko diruzain ohia. Argazkia: EFE

Luis Barcenas PPko diruzain ohiak soldata jaso zuen 2012ko maiatzean, gaur 'El Mundo'k argitaratutako informazioaren arabera. Kazeta honek PPk Barcenasi ordaindutako nominaren kopia zabaldu du.

Abuztuaren 1ean Mariano Rajoy presidenteak agerraldia egin zuen Diputatuen Kongresuan auzi honi buruz. "Ni Gobernura heldu nintzenean (2011ko abenduan), Barcenas jauna ez zegoen jada alderdian", adierazi zuen orduan Rajoyk Kongresuan.

'El Mundo'k dioenez, dokumentu horrek agerian utzi du diruzain ohiak PPren soldata jaso zuela Alderdi Popularraren hauteskunde-garaipenaren ostean. Halaber, hedabide horren aburuz, "ez zen kalte-sari geroraturik izan, lan-kontratu baizik, urtean 255.600 euroko soldatarekin".

Halaber, diputatuen aurrean "erratu" zela onartu zuen Rajoyk, baina dimititzeari eta hauteskundeak aurreratzeari uko egin zien, erruduna sentitzen ez zelako.

Uztailaren 27an Barcenasek 30 egun bete zituen espetxean. Uztailaren 29an baldintzarik gabeko espetxealdia berretsi zuen epaileak, Barcenas ihes egiteko eta frogak suntsitzeko arriskua dagoelakoan.

Cospedal, Arenas eta Cascos, epailearen aurrean

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak galdeketa egingo die aste honetan PPko zenbait goi-karguri. Epailea alderdi politikoaren ustezko ezkutuko kontabilitatea ikertzen ari da, Luis Barcenas diruzain ohiaren paperen harian. Gauzak horrela, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia eta Javier Arenas eta Francisco Alvarez-Cascos idazkari nagusi ohiak lekuko gisa deklaratzera joango dira Auzitegi Nazionalera.

Fiskaltzak Cospedalen galdeketari bakarrik eman zion oniritzia, baina Ruz epaileak Arenas eta Alvarez Cascos deitzea justifikatu zuen, alderdiaren agintean zeudenean ere ustezko B kontabilitatea eman zelako. Ruzen hitzetan, Arenas eta Cascosen deklarazioa "egokia, baliagarrua eta beharrezkoa" da, gertatutakoa argitzeko garaian.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)