Itxi

2016an

Masek ez du kontsulta deituko Estatuaren baimenik gabe

Erredakzioa

Kontsulta 2014. urterako aurrez ikusita bazegoen ere, 2016. urtean plebiszitu-hauteskundeak deituko dituela aurreratu du Kataluniako Gobernuko presidenteak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Artur Mas Generalitaten presidenteak ziurtatu duenez, Estatuak autodeterminazioaren kontsulta baimendu ezean, Governek eta ERCk eskatzen duten moduan, 2016an plebiszitu-hauteskundeak deituko dituzte, hain zuzen, oraingo legealdia bukatzen denean.

Masen arabera, plebiszitu-hauteskundeak deitzea ez da egoerarik aproposena, Gobernuarekin autodeterminazio kontsulta baten deialdia adostu nahi du 2014rako eta, baina Estatuak bere horretan jarraituz gero, "beti izango dugu legearen araberako esparru bat, alegia, hauteskundeak".

Catalunya Radiok egindako elkarrizketa batean, Masek gaineratu du horri esker gaur egungoa ez bezalako egoera batera helduko liratekeela (enplegua sortuko lukete eta ekonomiaren susperraldiaren hasieran ez litzateke murrizketarik egongo) eta, halaber, gardentasunean eta demokraziaren birsorkuntzan aurrerapausoak emango lituzketela.

Azpimarratu nahi izan du plebiszitu-hauteskundeak azken aukera direla, eta ez duela nahi egoera horretara heltzea, horrek esan nahi lukeelako Katalunia eta Espainiaren artean "erabateko gatazka" bat dagoela.

"Espainiako Gobernuak adostasunerako edozein bide politiko ezeztatzen badu, eta legearen aitzakiarekin egiten badu, beti izango dugu legearen araberako esparru bat, alegia, hauteskundeak, hau da, plebiszitu-hauteskundeak, gaineratu du.

Hauteskunde horien bidez, kataluniarrek Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanak zelangoak izatea nahi duten erabakiko lukete, independentziaren aldeko edo kontrako alderdiei babesa emanez.

Galdeketa 2014rako aurreikusita dagoela gogorarazi dio ERCk Masi

Adierazpen horien ondoren, Kataluniako autodeterminazioaren inguruko galdeketa ''bai edo bai'' 2014an egin behar dutela gogorarazi dio ostegun honetan Esquerra Republicana de Catalunyak (ERC) Artur Masi. Lluís Salvadó ERCko idazkari nagusiaren albokoak azpimarratu duenez, ez da garaia 2014tik aurrerakoaz hitz egiteko. Halaber, Alfred Bosch ERCk Kongresuan duen bozeramaileak aurreratu bere alderdia ''eskura'' duen guztia ''eta zertxobait gehiago'' egingo duela galdeketa 2014an egin dadin.

EAJ eta Amaiur ere, giza katearen alde

CDC, ERC, EAJ, BNG eta Amaiur alderdietako 13 diputatuk eta senatarik osatutako talde batek ANC Assemblea Nacional Catalanak antolatutako giza katearen aldeko deialdia luzatu dute Diputatuen Kongresuaren aurrean.

13 diputatuak -batzuek independentziaren aldeko katearen kamiseta horia jantzita zeramatzatela- hedabideen aurrean agertu dira, pankarta handi batekin. Pankartan Mundu guztia giza katera irakur zitekeen.

Ekitaldiaren bitxikeria Joan Tarda ERCren Kongresuko bozeramaileak egin du; giza katearen aldeko pankarta zabaldu baino lehen, tipo bat gerturatu zaio eta kamiseta bat eman dio Tardari Ni Joan Tarda naiz, baina espainiarra esaldiarekin.

Albisteak (2)

Bideoak (2)