Itxi

Irailak 11

Horrela jarraitu dugu, zuzenean, 2013ko Diada Katalunian

D.P. | I.G. | E.A. eitb.com

Independentziaren aldeko giza kate erraldoiak Katalunia zehartu du, eta 1,6 milioi lagunek hartu dute parte bertan. Goizean ekitaldi instituzionala egin dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kataluniak 2013ko Diada ospatu du asteazken honetan, hilak 11. Goizeko ekitaldi instituzionalen ondoren, giza kate erraldoi batek Katalunia zeharkatu du, iparraldetik hegoaldera. 1,6 milioi lagunek hartu dute parte ekitaldian, eta, guztira 400 kilometro bete dituzte.

Horrela jarraitu dugu, zuzenean, egunak eman duena:

20:23. Generalitatearen arabera, 1,6 milioi lagunek hartu dute parte arratsaldeko ekitaldian.

19:51. ''Besoak gurutzatuta'' geratu ezin duela ohartarazi dio Homsek Rajoyri. ''Egun historikoa da eta historia liburuetan agertuko da. Beste behin, Kataluniako herriak ez du kale egin'', esan du Generalitateko Presidentzia kontseilari eta bozeramaileak.

19:36. Marta Roviraren (ERC) esanetan, galdeketa 2014an egingo dela agerian uzten du gaur gertatutakoak.

19:10. L'Hospitalet de Llobregateko kaleak ere horiz jantzi dira.

19:09. Hasi da husten Bartzelonako Katalunia plaza. Besteak beste, Familia Sakratua, Rambla, Ciutadella eta Gracia etorbidea zeharkatu ditu kateak.

19:05. Oriol Junqueras (ERC): ''Galdeketa nahi duten guztiak irabazle aterako den aldean daude''. ERCko presidentearen hitzetan mobilizazioa ''arrakastatsua'' izan da, eta aurreikuspenak gainditu ditu. ''Kataluniako herritarren gehiengoa gure etorkizuna erabakitzeko aukera izatearen alde dago'', gaineratu du.

18:42. Milaka lagunek katearekin bat egin dute Catellon. Bi lagun atxilotu dituzte (Alfons Lopez Tena Solidaritat Catalana per la Independencia alderdiko diputatu ohia da atxilotuetako bat).

18:14. Joan Rigol eta Ernest Benach Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria giza katean egon dira. CDC, ERC eta ICV-EuiA alderdiek ekimenarekin bat egin dute, eta, besteak beste, CiU, ERC, PSC eta ICV-EuiA alderdietako diputatuak bertan izan dira. Pasqual Maragallek ere katean parte hartu du.

18:00. Giza kateak 45 minutu egin ditu, jai giroan. Zenbait tokitan eskuak emanda jarraitzen dute, baina beste zenbaitetan dagoeneko desegin dute giza katea.

17:57. ''Gure interesak, gure eskubideak eta gure identitatea defendatuko dituen Estatua behar dugu'', azpimarratu du.

17:56. Independentzia lortzeko 2014an erreferenduma egin beharra dagoela esan du Forcadellek. ''Azken 30 urteotako historiak agerian utzi du bi bide daudela: Espainiar estatuaren zentralizazioari men egin eta herri gisa desagertu ala independentzia''.

17:54. Carme Forcadellen hitzetan ''ehunka mila lagun'' bildu ditu ekimenak.

17:42. Carme Forcadell Assemblea Nacional de Catalalunyako (ANC) presidentearen hitzaldia hasi da Bartzelonan, independentziaren aldeko oihuen artean. Hunkitu egin da Forcadell, eta ekitaldia aurrekaririk gabeko arrakasta dela esan du.

17:36. Le Perthusen antolatzaileen aurreikuspenak gainditu ditu kateak.

17:22. Kamiseta horiak soinean dituztela, milaka lagunek eskuak eman dizkiote elkarri, 400 kilometroko giza katea osatzeko.

17:14. Kanpai hotsak entzungai. Abian da independentzia eskatzeko ekitaldia. Seu Vellako (Lleida) zazpi kanpai hotsek eman diote hasiera ekimenari eta Katalunia osoan egin dute independentziaren aldeko giza katea.

17:06: Laster hasiko da ekitaldia. Kataluniako kale eta txoko ezberdinak jendez gainezka daude. Hasi dira giza katea osatzen.

16:52 Carme Forcadell Assemblea Nacional de Catalalunyako (ANC) presidenteak galdeketa 2014ean egiteko eskatu dio Artur Masi eta ezeztu du 2016ra atzeratzeko aukera.

16:29 Masek Giza Kateari entzuteko eskatu dio Estatuari, "arazo larri" bat ez izateko.

16:10 10 kilometroko auto-ilarak C-15 eta AP-7 errepideen arteko bidegurutzean, Vilafranca del Penedesen parean (Bartzelona), Diadaren ekitaldiak direla eta.

15:55 Masek uste du akats handia dela PP "aparteko" ekitaldi ofizial batean ez egotea.

14:46 Rubalcaba Espainia eta Kataluniaren arteko elkarrizketaren alde agertu da, "hala-moduz dagoen egoera horren" arazoa konpontzeko eta Konstituzioan erreforma federal bat egiteko, ez duela esan nahi "goitik behera zabaltzea", baina beharrezkoa da.

14:38 Erkorekaren esanetan, kataluniarrek "nazioaren independentziara daraman bidea hartzea ukatu ezin den eskubidea da".

14:18 Ekitaldian, euripean, katalana eta Salvador Espriu poeta omendu dituzte.

14:12 6.000 pertsona inguruk parte hartu dute, Generalitaten arabera, Ciutadella parkean egindako Diadaren ekitaldi instituzionalean, Governek eta Parlament-ek antolatuta.

 

13:59 Artur Masek esan du espero duela arratsaldeko giza kateak "mundu osoa harritzea", bere iritziz, Kataluniako independentziaren aldeko aldarrikapenek "mugarri bat" izan dute.

13:31. Llanos de Luna Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaria Ciutadella parkeko ekitaldian dago, PP, alderdi gisa, joan ez bada ere.

13:02. Valentziako Auzitegi Nagusiak (TSJCV) baliogabe utzi du giza katea Viñaros herritik (Castello) pasatzea debekatzeko Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak emandako agindua.

12:31. Beste ekitaldi batean, Albert Rivera Ciutadanseko presidenteak Diada "independentismoak bahituta" dagoela kritikatu du.

12:12. Kongresuan, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak Diada "denona" izatea gustatuko litzaiokeela esan du.

12:10. Hasi egin da Ciutadella parkeko ekitaldi instituzionala, 40 minutu berandu, euria dela eta.

12:07. Joseph Rull CDCko Antolakuntza idazkariak deitoratu egin du PPC Ciutadella parkeko ekitaldira ez joatea, eta "seriotasun falta" egotzi dio.

12:01. Ordezkari politikoek eta instituzionalek hiru ordu daramatzate Casanovaren monumentuaren aurretik pasatzen.

11:49. Ser irrati katearen inkesta baten arabera, kataluniarren % 52k independentziaren alde bozkatuko lukete, eta % 24k baino ez lukete egingo aurka. Bestalde, % 15,9k ez dute erabaki zer bozkatu edo ez dute euren asmoa jakinarazi nahi, eta % 7,7 abstenitu egingo lirateke.

11:43. Ciutadella parkeko ekitaldi instituzionala ordu erdi beranduago hasiko da, euria dela eta.

11:39. Eskuin muturreko talde batek Espainiako bandera jarri du Casanovaren monumentuan. Bost minuturen ostean kendu egin dute.

11:34. Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere Bartzelonan izan da, CDCrekin batera, Casanovari egindako omenaldian. BBBko presidenteak elkartasuna adierazi dio Kataluniako Gobernuari, Estatuak kontsultaren aurrean erakutsitako "ulertezintasuna" dela eta.

11:24. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak Diadako ekitaldiak askok "begiak irekitzeko" eta erabakitzeko eskubidearen alde jartzeko baliagarri izatea espero duela adierazi du.

11:18.  Joan Herrera ICVko kideak eta Joan Josep Nuet EUiAko koordinatzaileak herritarren parte hartzearen alde egin dute: "Artur Masek eta Mariano Rajoyk ezin dute erabakirik hartu Kataluniako herriaren izenean".

11:15. Josep Antoni Duran i Lleida UDCko buruaren esanetan, bere alderdia ez da independentziaren aurkakoa, baina ez dago ados giza katearen leloarekin, eta, horregatik, ez dira joango.

11:10. Streaming bidez ere jarrai ditzakezu Diadako ekitaldiak, zuzenean.

10:40. Ekitaldi instituzional nagusia 11:30ean egingo dute Kataluniako Gobernuak eta Parlamentuak, Bartzelonako Ciutadella parkean. Bertan, Artur Mas eta Nuria de Gispert izango dira, besteak beste.

10:14. Kataluniako Gobernuko 12 kontseilarietatik, gutxienez 10ek hartuko dute parte arratsaldeko giza katean. CDCko, ERCko, ICVko, EUiAko eta CUPeko buruzagi nagusiak ere bertan izango dira, eta PSCko eta UDCko hainbat ere, baina norberaren izenan, bi alderdi horiek ez baitute bat egin deialdiarekin.

10:02. Kataluniako PPk ez du parte hartuko ekitaldi instituzionaleetan, "zatiketa" ekartzen dutela argudiatuta, Alicia Sanchez-Camacho alderdi horretako presidenteak azaldu duenez.

09:56. Kontsultatu Kataluniako Diadaren gakoak.

09:47. Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak hitz egiteko deia egin die Generalitateari eta Estatuari. Halaber, PSC ez dela independentziaren aldekoa nabarmendu du.

09:35. Lore eskaintzaren ostean hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, giza katearen alde "bustitzea" (euria ari du Bartzelonan une honetan) eskatu die Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidenteak herritarrei.

09:22. PPk Bartzelonan dituen zinegotziak ekitalditik joan dira, monumentuan bandera independentista bat dagoelako.

09:00. Urtero legez, agintariek eta politikariek Rafael Casanovari lore eskaintza eginez hasi dira Diadako ekitaldiak, Bartzelonan. Aurreko urteetan bezala, Poliziak segurtasun eremu zabala ezarri du, herritarrek politikariei irainak esatea saihesteko.

07:23. Politikaren alorrean, eztabaidaren epizentrua Artur Mas Generalitateko presidentearen 'ibilbide orria' da. ERCrekin 2014. urtean kontsulta independentista deitzea adostu badu ere, Estatuaren baimenik gabe ez duela egingo ohartarazi du azken egunetan. Horren ordez, plebiszitu-hauteskundeak deituko lituzke, 2016. urtean. Mas eta Rajoy sekretuan negoziatzen ari dira, erakundeen arteko liskarrak saihesteko.

07:12. Eguneko ekitaldi garrantzitsuena, oihartzun handiena izango duena, arratsaldean izango da, 17:14an. Ordu horretan, independentziaren aldeko giza kate bat egingo dute, Katalunia iparraldetik hegoaldera zeharkatzeko. Orotara, 400.000 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte.

07:00. Kataluniak bere Festa Nazionala, Diada, ospatuko du gaur.  Hain zuzen ere, lurraldeak eskubide historikoak galdu zituen eguna oroitzen dute, 1714. urteko irailaren 11n Felipe V.aren tropek Bartzelona menderatu baitzuen.

Albisteak (2)

Bideoak (3)

Informazio gehiago (3)