Itxi

Diada 2013

Eta Diadaren ostean, zer?

David Perez | eitb.com

Kataluniarrek kontsulta 2014. urtean egitea eskatu diote Artur Masi. Erakundeek egin behar dute orain hurrengo urratsa.

Kataluniako independentistek indar erakustaldia egin dute Diadan, batik bat independentziaren aldeko giza kate jendetsu bat eginez. Hain zuzen ere, 1.600.000 pertsonak hartu dute parte ekimen horretan, Generalitatearen arabera, eta, horrela, Katalunia iparraldetik hegoaldera zeharkatu dute.

Ekimenaren antolatzaileek 'etxeko lanak' ere jarri dizkiote Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteari: ERCrekin 2014. urterako adostutako kontsulta independentista deitzea. "Baina orain, ez 2016. urtean", Carme Forcadell Kataluniako Asanblea Nazionaleko (giza katea antolatu duen plataforma zibila) presidenteak atzo adierazi zuenez.

Aurrekoetan ez bezala, oraingoan Kataluniako gizarte zibilak piztu du independentismoaren sugarra. Horrenbestez, erakundeek, espainiarrek zein kataluniarrek, dute orain hitza, eta mugitzeko premia.

ERCrekin 2014. urtean kontsulta egitea adostu badu ere, Estatuaren baimenik gabe ez duela deituko esan du azken egunetan Artur Masek. Hori gertatuko balitz (eta litekeena da hori gertatzea), 2016. urtean plebiszitu-hauteskundeak deituko lituzkeela aurreratu du.

Praktikan, tankera horretako hauteskundeak kontsulta independentista bat egitea bezalakoa izango litzateke, baina proposamena ez dute begi onez ikusi ERCn eta Kataluniako gizartearen hainbat sektoretan, kataluniarren erabakia bi urte atzeratzea ekarriko lukeelako.

Bien bitartean, Mas eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea isilpean negoziatzen ari dira, erakundeen arteko talka saihesteko. "Negoziazioa komenigarriena da, eta Generalitatea negoziatzen ari den bitartean, mugimendu independentistaren babesa izango du, baina negoziazioak porrot egiten badu, orduan hasiko dira arazoak", ohartarazi du Monica Sabata Nazioartean Aitortutako Elkarte Kataluniarren Federazioko presidenteak, "Ganbara" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketan.

Epe laburrerako erronkak

Diadaren ostean, Artur Masek epe laburrera begira bi erronka ditu, biak ERCrekin konpondu beharrekoak.

Alde batetik, alderdi independentistarekin Aurrekontuak eta murrizketak hitzartzen saiatu beharko da, eta, bestetik, kontsultaren data eta galdera zehatza.

Galdera zehaztea ez da lan erraza izango, CiU barruan ere sentsibilitate askotarikoak baitaude. Masek ez du independentziari buruz zuzenean galdetu nahi: "Katalunia Europar Batasunaren barruan Estatu bihurtzea nahi duzu?". Galderak bi erantzun baino ez lituzke izango, 'bai' edo 'ez'.

Unio, Artur Masen CDCrekin batera CiU koalizioa osatzen duen beste alderdia, baina, galdera zabalago baten aldekoa da, Kataluniak Espainiarekin izan behar duen harremanari buruz, alegia. Galdera horrek hainbat erantzun posible izango lituzke: independentzia, autonomia, federazioa...

Independentziarako bideak

Testuinguru honetan, Artur Masek erabakitzeko eskubidea gauzatzeko moduak aztertzen dituen 200 orriko txosten bat du esku artean. Trantsizio Nazionalerako Kontseilu Aholkulariak (CATN), Generalitateak otsailean sortutako kontsulta organoak, egin du, eta bost bide proposatzen ditu.

Lehen bidea Espainiako Gobernuak eta Gorte Nagusiek baimendutako kontsulta bat deitzea da. Konstituzioaren 92. artikuluan du oinarria, baina erreferenduma Estatuak deitzea, eta ez Generalitateak, ekarriko luke.

Bigarren alternatiba kontsulten eskuduntza Kataluniako Gobernuari transferitzea da, Konstituzioaren 150.2. artikuluak aurrez ikusten duen bezala. Erresuma Batuak abiatutako bidea da hori, Eskoziak autodeterminazio erreferenduma egin dezan.

Hirugarren aukera erreferendum bidezko kontsulten lege autonomikoa erabiltzea da, baina une honetan Auzitegi Konstituzionalean dago, Espainiako Gobernuak helegitea jarri baitzuen.

Beste posibilitate bat erreferendumak ez diren kontsulten legeaz baliatzea da. Kataluniako Parlamentuan izapidetzen ari dira une honetan, baina baliteke Rajoyren Exekutiboak horren aurka ere egitea.

Azken alternatiba, eta segur aski guztien artean zailena, Konstituzioa erreformatzea da.

Nolanahi ere, Trantsizio Nazionalerako Kontseilu Aholkulariak oniritzia eman dio plebiszitu-hauteskundeak deitzeari ere, ondoren Parlamentuak aldebakarreko adierazpena egiteko independentzia aldarrikatzeko. Hori bai, azken alternatiba izango litzateke, Estatuarekin abiatutako negoziazioek porrot egingo balute.

Ikusi beharko da noraino heltzeko prest izango den Artur Mas.

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)