Itxi

Katalunia

Gehiengo isilari galdeketan hitz egiten uztea eskatu dio Masek Rajoyri

Erredakzioa

Rajoyk, bestalde, 48 orduan erantzungo dio Masek igorritako eskutitzari, galdeketak Konstituzioarekin bat egiten ez duela argitzeko. Letonia prest da Kataluniaren independentzia onartzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

2013ko Diadaren ondoren, ''ateak zabalik uztea'' eta gehiengo isilari galdeketan hitz egiten uztea eskatu dio Artur Mas Generalitateko presidenteak Espainiako Gobernuari.

Soraya Saez de Santamaria Gobernuko presidenteordeak ''gehiengo isil'' horren inguruan egindako adierazpenei erantzun die Masek.

"Katalunian gertatutakoa gehiengoa ez dela uste badu, galdeketa baten bidez azter dezake. Nik hori egin nuen, hauteskundeak deituta'', gaineratu du.

Datozen 48 orduetan erantzungo dio Rajoyk Masen eskutitzari

Gobernuko presidenteordeak gaur bertan aurreratu duenez, Rajoyk datozen 48 orduetan erantzungo dio Artur Masek uztailean igorri zion eskutitzari. Bertan, Katalanian galdeketa egiteko baimena eskatzen zion.

''Generalitateko presidentea izango da eskutitz horren edukiaren berri izango duen lehena'', esan du Saenz de Santamariak, Ministroen Kontseiluaren ondoren eskaini duen prentsaurrekoan.

Edonola ere, Diadako ekitaldien ondoren, Gobernuak ''jarrera berdina'' duela ohartarazi du. "Muga argia dugu, eta betebeharra ere: Konstituzioa betearazi behar dugu'', gaineratu du.

Gai honetan ''erabateko lasaitasuna'' da Gobernuan nagusi, presidenteordearen hitzetan, eta ''indartsu eta sendo'' eutsiko diola ere aurreratu du. '' Konstituzioan dago gobernu guztien legitimitatea, bai Gobernu zentralarena eta baita erkidegoen ere'', gaineratu du.

Letonia, Kataluniako independentzia onartzeko prest

Testuinguru horretan, Europar Batasunaren barruan Katalunia independente bat onartuko lukeela esan du Letoniako presidenteak. Prozesuak legezkoa izan beharko lukeela ere azpimarratu du.

Lehen agintaria izan da ildo horretako adierazpenak egiten, eta begi onez hartu dituzte Kataluniako Batzar Nazionalean.

Albisteak (5)

Bideoak (1)