Itxi

Memoria historikoa

ANko Fiskaltza, lau kriminal frankista atxilotzearen kontra

Erredakzioa

Maria Servini epaile argentinarrak eskatu du atxiloketa, 2010ean Espainiako Gerrako eta diktadurako "genozidioagatik eta gizateriaren kontrako krimenengatik" irekitako auziaren baitan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza frankismoko lau kriminal atxilotzearen kontra agertu da. Maria Servini epaile argentinarrak eskatu du Espainiako segurtasun indarretako lau kide ohiak atxilotzea.

Javier Zaragoza epailea buru duen erakundeak atxiloketari uko egitea proposatuko du idatzi baten bitartez, behin behineko atxiloketa ez delako "bidezkoa", gertakariak aspaldikoak direlako, preskribitu dutelako eta amnistia jaso zutelako bere garaian, epaitegiko iturriek jakitera eman dutenez. Hala ere, Fiskaltzak ez du oztoporik jarriko estradiziorako.

Jesus Muñecas Aguilar guardia zibil ohia, Franco Celso Galván Abascal bizkartzain ohia, Jose Ignacio Giralte komisario ohia eta Juan Antonio Gonzalez Pacheco, Billy el Niño, inspektore ohia dira epaileak salatu dituen kriminal frankistak.

Argentinako epaileak Espainiako segurtasun indarretako kide ohiak bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen irailaren 18an, frankismoko errepresioan egindako krimenengatik. Eskari horretan, atxilotuei deklarazioa hartu nahi diela azaltzen du, eta Espainiako Gobernuari bilaketa lanetan laguntzea eskatzen dio.

2010ean Espainiako Gerrako eta diktadurako "genozidioagatik eta gizateriaren kontrako krimenengatik" irekitako auziaren baitan egin du eskaria Servini epaileak, eta Amnistia Nazionalaren, Baltasar Garzon epailearen eta biktimen eta senideen deklarazioak hartu ditu oinarri.

Albisteak (1)

Bideoak (1)