ETAren agiria
Alderdi gehienek desarmerako bidean pausoak ematea eskatu diote ETAri
Erredakzioa
EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk ETAren desarmea eta disoluzioa eskatu dute. EH Bilduren ustez, berriz, ETAk, bakea lortzeko bidean, pausoak ematen jarraitzeko asmoa erakutsi du azken agirian.
ETAk gaur kaleratutako agiriaz lehen erreakzioak jaso dira Radio Euskadiko solasaldian. Joseba Egibar jeltzaleak esan du, erakunde armatuak egindako ibilbidea "bidezkoa" dela adierazi duela azken agirian. Egibarrek, berriz, "erakundearen desagerpena eta disoluzioa" eskatu du. Izan ere, Euzkadi Buru Batzarreko bozeramailearen ustez, ETAk amaitu du bere estrategiarekin, eta orain azken urratsa ematea falta da, desarmea alegia.
Egibarrek gaineratu du, agirian ETAk diola "askok ez dutela beraien irakurketarekin bat egingo, eta hori onartu eta errespetatu egiten dutela". Egibarren ustez "ETAk bere ibilbidean ez du pertsonen bizia errespetatu eta are gutxiago hitza".
Juanjo Agirrezabala EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, ETAk "desarmerako eta bakea lortzeko eskua luzatu du azken agirian. Halaber, bakea lortzeko bidean, pausoak egiten jarraitzeko asmoa erakutsi du".
Agirrebalaren ustez, Espainiako Gobernuak ETAri elkarrizketarako ateak ixteak ez dauka zentzurik. Izan ere, aukera hori aprobetxatu egin behar dela uste du Agirrezabalak.
Txarli Prieto Arabako sozialisten idazkari nagusiak dio ETAk helarazitako azken agirian EH Bildu "estualdi" batean jartzen duela. Prietoren ustez, badirudi koalizioaren "gidaritza" hartu nahi omen duela ETAk. Prietok, bestalde, armak uzteko eta desegiteko eskatzen dio ETAri.
Anton Danborenea Partidu Popularreko legebiltzarkideak uste du, berriz, terrorismoa eta hilketak justifikatzen jarraitzen duela oraindik ETAk. Gainera, agirian desarmea eta disoluzioaren inguruko ezer ez datorrela dio.
Azkenik, Gorka Maneirok UPyDren izenean esan du, zuzenbide estatua aplikatu behar dela eta ETAren porrota ezin dela zigorrik gabe geratu.