Guardia Zibilaren operazioa
18 pertsona atxilotu dituzte, Herriraren aurkako operazio batean
David Perez | eitb.com
Guardia Zibila Bilboko, Hernaniko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzetan sartu da. Epaileak diru kontuak eta sare sozialetako profilak ixtea agindu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Guardia Zibilak Herrira ETAko eta ezker abertzaleko presoen aldeko plataformaren aurkako operazioa egin du astelehen honetan.
Agenteak Bilboko, Hernaniko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzetan sartu dira, eta 18 pertsona atxilotu dituzte, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak baieztatu duenez.
Gasteizko egoitzan zegoen pertsona batek kazetariei azaldu dienez, terrorismoa goratzea eta ETA finantzatzea egozten dietela jakinarazi die Guardia Zibilak atxilotutakoei.
Hain zuzen ere, hauek dira atxilotutakoak: Amaia Esnal, Nagore Garcia, Eneko Ibarguren, Jexux Mari Aldunberri, Ekain Zubizarreta, Manu Ugartemendia, Roberto Noval, Beñat Zarrabeitia, Ibon Meñika, Jose Antonio Fernandez, Oscar Sanchez, Gorka Gonzalez, Ane Zelaia, Jon Garai, Sergio Labaien, Imanol Karrera, Eneko Villegas eta Fran Balda.
Atxiloketa gehienak, hamar, Hernaniko egoitzan egin dituzte, bilera bat egiten ari ziren unean. Gainerako zortzietatik, bost Gipuzkoako beste leku batzuetan izan dira, eta bana Araban, Bizkaian eta Nafarroan.
EH Bilduren hainbat legebiltzarkide, tartean Laura Mintegi, Julen Arzuaga eta Xabier Isasi, Herriraren Gasteizko egoitzara bertaratu dira, agenteei informazioa eskatzeko.
Egoitzen aurrean, jende ugari bildu da, atxiloketak salatzeko.
Bilbon, guardia zibilak okertu egin dira, eta Eusko Alkartasunaren (EA) egoitzan sartu dira lehenik eta behin, atea mailuka hautsiz.
Guardia Zibila, Hernanin atxiloketa bat egiten. Argazkia: EFE
Polizia operazioa Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak eta Fiskaltzak aginduta abiatu du Guardia Zibilak, 10:30ean, Herrira legez kanporatutako Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren ondorengoa ote den aztertzeko ikerketa baten baitan. Ertzaintzak ere parte hartu du.
Hain zuzen ere, plataforma horrek presoen alde egindako omenaldien harira etorri ei da operazioa.
Epaileak Twitterreko 32 profil, Facebookeko 125 eta 38 wegbune ixtea eta plataformaren diru kontuak blokeatzea ere agindu du.
Atxiloketen aurrean protesta egiteko, hainbat elkarretaratze deitu dituzte arratsalderako, hala nola Bilbon (20:00etan, Arriaga plazan), Gasteizen (19:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan), Hernanin (20:00etan, Plaza Berrian), Iruñean (20:00etan, PPren egoitzan) eta Baionan (19:00etan, Espainiako kontsulatuan).
Jorge Fernandez Diazek "ETAren tentakulua" izatea leporatu dio Herrirari, eta ETA "desegitea" lortu arte, Espainiako Gobernuak "behar den guztia" egingo duela ohartarazi du.
Ezker abertzaleak gogor kritikatu du operazioa. Horren haritik, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak "normalizazio politikoaren aurkako erasoa" dela esan du, eta "herri bezala erantzuna" emango dutela gaineratu du. Halaber, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "eskandalu antidemokratiko"tzat jo ditu atxiloketak.
Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Twitterren adierazi duenez, "Herriraren aurkako operazioa albiste txarra da, euskal gizarteak ulertzen ez duen atzerapausoa".
Guardia zibilak, Hernaniko egoitzan. EFE
Herrira, 'Egin Dezagun Bidea' sorburu duen plataforma
Herrira iazko otsailaren 5ean sortu zen, eta, besteak beste, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagiak eta Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak babesa agertu zioten, Donostian egindako ekitaldi batean.
Plataforma honen sustatzaileen hitzetan, Herrirak 'Egin Dezagun Bidea' mugimenduan du sorburua, eta espetxe politika aldatzea, gaixorik dauden edota zigorraren hiru laurden bete dituzten presoak askatzea eta 'Parot doktrina' indargabetzea du helburu.