Guardia Zibilaren operazioa
Operazioa gaitzesteko elkarretaratzeak errepikatu dira Euskal Herrian
Erredakzioa
Herriraren Hernaniko, Gasteizko eta Bilboko egoitzen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte arratsaldean atxiloketak salatzeko. Protestetan istiluak izan dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Guardia Zibilak egindako atxiloketak gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte arratsaldean: Bilbon protesta Arriaga antzokian egin dute, Herriraren egoitzaren aurrean; Hernanin, Plaza Berrian; Iruñean PPren egoitzaren aurrean eta Gasteizen Andre Maria Zuriaren Plazan. Era berean, Baionan elkarretaratzea egin dute, Espainiako kontsuletxearen aurrean.
Ehunka lagunek protesta egin dute Donostiako kaleetan, Guardia Zibilak Herriraren aurka egindako operazioa salatzeko. 18 pertsona atxilotu dituzte operazioan.
Manifestaldia 19:30 aldera abiatu da Boulevardetik, 'Konponbidea, erasorik ez. Utzi Bakean Euskal Herria' lelopean.
Joxean Agirre Sortuko koordinatzaileak, Xabi Soto Alternatibako kideak, Rebeka Ubera Eh Bilduko legebiltzarkideak, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak eta Andres Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Politika diputatuak elkarretaratzean parte hartu dute.
Liskarrak
Bilbon, Guardia Zibilaren miaketak hamar orduko iraupena izan du. Guardia zibilek dokumentazioa eta material informatikoa atzeman dute.
Ertzaintza inguruak zaintzen ari zen, eta ertzainak furgonetetan sartu direnean manifestariek objektuak jaurti dituzte.
Ertzaintzaren furgonetari ostikoak eman dizkiote, eta ondoren zenbait edukiontzi irauli dituzte inguruetan.
Gasteizen, istiluak errepikatu dira alde zaharrean, manifestaldia amaitu ostean. Manifestazioa hiriko erdigunean egin dute.
Ezezagun talde batek edukiontziak gurutzatu ditu Eulogio Serdan eta Aiztogile kaleetan. Era berean, Ertzaintzaren aurka objektuak jaurti dituzte.
Hernanin (Gipuzkoa) Plaza Berria inguratu du Ertzaintzak, Guardia Zibilaren miaketa babesteko. Herriraren egoitzaren aurrean ehunka lagunek protesta egin dute. Tentsio uneak izan dira, eta baita borroka txikiren bat ere.