Liburuaren aurkezpena
Jose Amedo: 'Garzon torturatzailea izateko jaio zen gaizkilea da'
Erredakzioa
Amedok Cal Viva GALen inguruko liburua aurkeztu du gaur hedabideen aurrean. Polizia ohiak azpimarratu du Garzonek bezeroak "torturatu" egiten zituela.
Jose Amedo polizia-komisario ohiak esan du Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohia "togadun gaizkile bat" zela eta epaiketetan "torturatzaile" baten antzera aritzen zela.
Amedok Cal Viva GALen inguruko liburua aurkeztu du gaur hedabideen aurrean. Polizia ohiak azpimarratu du Garzonek bezeroak "torturatu" egiten zituela. "Psikologikoki birrindu egiten zituen", gaineratu du.
"Torturatzailea izateko jaio zen, gauza guztien gainetik emaitzak lortzea zen bere helburu bakarra", adierazi du.
Garzonek GALen inguruan ezer ez esateko eskatu zien 1994. urtean, Felipe Gonzalezek Barne ministro izendatuko zuelako eta, orduan, zigortuentzat indultua eskatuko zuelako.
Bestalde, GALek ETAren aurka egindako "gerra zikina" justifikatu du, Frantziak terrorismoaren aurka borrokatzeko laguntzarik ematen ez zuela eta "hildako gehiegi" zegoela argudiatuta.
Hala ere, Amedok kritikatu du garai horretako buruzagi politikoek ez zutela euren erantzukizuna onartu, eta gerra zikinaren erantzule nagusia Felipe Gonzalez presidente ohia izan zela azpimarratu du.
Polizia ohiaren ustez, baliteke Juan Carlos I.a Espainiako erregeak GAL existitzen zela jakitea garai hartan, eta talde armatu horren eta ETAren historia kontuan hartzeko deia egin du, "errepikatu ez dadin".
Amedoren esanetan, ETAk "egin behar zuen bidea egin du". "Azkenean, ez da inora heldu. [...] Katalunian urrunago heldu dira, terroristek baino ibilbide handiagoa egin dute", gaineratu du. Horren hitzetan, Frantziak badaki non dauden "ETAn geratzen diren lau kideak", eta horiek "EAEko politikan sartu beste erremediorik ez dute", esan du.