Itxi

Barcenas auzia

Rajoyk ez du 'Barcenasen paperen' auzian lekuko gisa deklaratuko

Erredakzioa

Federico Trillo, Rodrigo Rato edo Mayor Orejaren agerraldiak ere baztertu ditu Auzitegi Nazionaleko epaileak. Alvaro Lapuerta PPren diruzain ohiak, ordea, deklaratu beharko du.

Mariano Rajoyk ez du lekuko gisa deklaratu beharko. EFE

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak ebatzi duenez, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ez du lekuko gisa deklaratuko Alderdi Popularraren ustezko kontabilitate ezkutuaren auzian. Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohiaren testigantza, ordea, eskatu du epaileak.

Gaur jakinarazitako erabakian, Barcenas auzian akusazioek eskatutako 20 bat testigantza baztertu ditu epaileak, tartean Federico Trillo, Rodrigo Rato edo Mayor Orejarenak. Ruzen iritzian, "ez dira beharrezkoak".

Gainerako eskaerak baztertu baditu ere, Alvaro Lapuerta Alderdi Popularreko diruzain ohia deklaratzera deitu du epaileak. Auzitegiko medikuek berriki aztertu dute Lapuerta, eta deklaratzeko moduan ez dagoela agertu dute. Dena den, ordutik hobera egin duela onartu dute medikuek.

Lapuertari "defendatzeko eskubidea egikaritzean, egokitzat jotzen dituen azalpenak emateko aukera eskaini" behar zaiola uste du epaileak, Luis Barcenasek haren aurka egindako akusazioak eta ustezko B kontabilitateko paperetan Lapuertaren errubrikarik ba ote den jakiteko egiten ari diren kaligrafia-probak ikusi ostean.

Kontuak Suitzan

Bestalde, lehen aldiz, Ruz epaileak korrelazioak topatu ditu Barcenasen paperetako bi kontabilitate-apunteren (donazioei dagozkienak) eta diruzain ohiak Suitzako kontuetan eginiko diru kantitate berbereko bi gordailuren artean.

Antzekotasunen aurrean, eginbideren bat garatzea bidezkoa ote den galdetu dio epaileak Korrupzioaren aurkako Fiskaltzari. PP alderdiak ustez jasotako donazioen eta Barcenasek bere kontuetan egindako diru-sarreren artean loturak daudela frogatzen den lehen aldia da.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)