Auzitegi Nazionala
Segiren lana 'politikoa' zela azpimarratu dute auzipetuek
Erredakzioa
Epaiketaren lehen minutuetan, auzipetuek globo laranjak puztu eta Luis Goñiren eta autodeterminazioaren aldeko oihuak egin dituzte. Ondorioz, epaileak aretotik kanpo bidali ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Aretoko lehen sekzioak gaur abiatu du Segiko ustezko 40 kideren kontrako epaiketa. Epaiketaren lehen minutuetan, auzipetuek globo laranjak puztu eta Luis Goñiren eta autodeterminazioaren aldeko oihuak egin dituzte. Ondorioz, epaileak aretotik kanpo bidali ditu. Minutu batzuk geroago hasi da epaiketa. Lau auzipetu ez dira epaiketan azaldu.
Epailearen aurrean deklaratu duten lehenengo gazteen iritziz, euren "jarduera politikoa" frogatu nahian ari dira, eta ez Segiko kideak diren ala ez frogatu nahian. Auzipetu gehienek tratu txarrak salatu dituzte, eta ez diete fiskalaren galderei erantzun. Segik egiten zuen lana "politikoa" zela azpimarratu dute behin eta berriro. Auzipetuen hitzak txalo artean hartu dituzte epaiketa ikustera joan direnek, eta horrek epailearen haserrea piztu du.
Segiko ustezko kideek esan dute epaiketa "anakronikoa" dela, "egungo testuinguru politiko eta soziala" kontuan hartuz, eta Espainiako Gobernuari bake prozesuan aurrera egin ahal izateko "pausoak" eskatu dizkiote. Jon Telleria kazetariak esan du epaileen erabakiak bake prozesu horretan "eragina" izango duela. "Hemen ez daude 40 terrorista, 40 gazte baizik", azaldu du.
Torturak
Auzipetu gehienek torturak salatu dituzte, eta, horrenbestez, Poliziaren aurrean egindako deklarazioa "baliorik gabe" utzi dute.
"Modu basatian torturatu" zutela adierazi du Jon Anda Velezek. Akusatuak esan duenez, flexioak egitera behartu zuten eta buruan poltsa jarri zioten. Aitziber Arrietak tortura berdinak salatu ditu.
Biluzik orduak eman zituela azaldu du Garazi Rodriguezek, eta polizia batekin bakarrik utzi behar zutela esan zioten. Poliziek bortxatu behar zutela esan zioten, Maialen Elduak azaldu duenez.
Bestalde, lau akusatu ez dira gaurko saioan agertu, eta Interneten bideo bat argitaratu dute. "Desobedientziagatik" egin dutela azaldu dute, auzitegiak epaitzeko legitimitaterik ez duelako.
Horrela, Irati Mujika, Unai Ruiz, Idoia Iragorri eta Goitzane Pinedo ez dira epaiketan izan. Bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman ala ez erabaki beharko du auzitegiak orain.
Gaur hamar akusatu galdekatu eta gero, epaiketak astearte honetan jarraituko du San Fernando de Henareseko egoitzan.
Bestalde, Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak elkartasuna adierazi die Segiko auzipetuei, eta "salbuespen auzitegi batek" epaituko dituela azpimarratu du. "Epaiketa politikoekin" amaitzeko ere eskatu du Iñarrituk, Auzitegi Nazionaleko atean egindako adierazpenetan.
298 urteko zigorra
Luis Barroso fiskalak bederatzina urteko kartzela zigorra eskatu du bederatzi auzipeturentzat, organizazioaren agintaritzat jotzen baititu, eta "organizazio terrorista baten kide" izatea egotzi die, agintari gisa jardutea leporatuta. Bederatzi horiek hauek dira: Irati Mujika Larreta, Ainara Bakedano Cuaresma, Jon Anda Velez de Mendizabal, Gaizka Likona Anakabe, Olatz Izagirre Sarasti, Jon Telleria Barrena, Asier Coloma Ugartemendia, Ibai Esteibarlanda Echeverria eta Carlos Renedo Lara. Gainerakoentzat, zazpina urte eskatu du, kide izatea egotzita, ez agintari. Orotara, 298 urteko kartzela-zigorra eskatu du fiskalak.
Barrosoren arabera, Segik "ETA banda armatuaren jarduera osatzen du 'kale borroka'ko ekintzen bidez herritarren segurtasunari kalte eginez; gizarte demokratikoari eta Zuzenbide Estatuari eraso egiten diote izua eragiteko helburuarekin, bake publikoaren kontra eginez".
Atxiloketak
Segiko ustezko 40 kideetako 34 2009ko azaroaren 24an atxilotu zituzten, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak, Fernando Grande-Marlaska epailearen agindupean, elkarrekin egindako operazio batean.
Atxiloketokin, Barne Ministerioak desegintzat jo zuen organizazioaren buruzagitza, horren ustez 'ETAren harrobia' eta Euskadiko kale indarkeriaren erantzule nagusia zena.
Poliziaren arabera, operazioa urte horretan ETAko kide izatea egotzita Parisen atxilotutako Ekaitz Sirvent Auzmendiri atzemandako agirietan oinarritu dute. Antza denez, dokumentu horietan Segiren "helburu nagusitzat" jotzen zituzten Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontra borrokatzea, "hezkuntza eredu propioa" bultzatzea, "higiezinen espekulazioa" salatzea eta "euskal Estatua" eraikitzea.
Poliziaren eta Guardia Zibilaren informazio zerbitzuek zabaldu zutenez, Segik "bere egitura indartzea zuen helburu, militante berriak erakarrita eta organizazioan ematen zuten denbora luzatuta". Halaber, ETAren aginduak betetzeko, "gatazka gogortzeko eta kaleko indarkeria areagotzeko" helburuarekin, atxilotuek formakuntza prozesuak indartzeko asmoa zutela adierazi zuten aipatutako zerbitzuek.
Jarrai eta Haika legez kanpo utzitakoen oinordekoa da Segi, epaileen arabera. Gorenak "organizazio terroristatzat" jo zuen 2007ko urtarrilaren 19an, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak 2001ean hasitako prozesua itxita.