'Parot doktrina'ren amaiera
49 presok eskatu diote jada Auzitegi Nazionalari aske uztea
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak eskaerak banan-banan edo denak batera aztertzea erabakiko du ostiral honetan.
Dagoeneko, ETAko 49 presok jo dute Auzitegi Nazionalera, Estrasburgoko Auzitegiak 'Parot doktrina' baliogabetu eta gero, aske uztea eskatzeko.
Eskaerak ostiral honetan aztertuko ditu Zigor Aretoaren osoko bilkurak, baina ez du gaian sakonduko, hots, eskaerak banan-banan edo denak batera aztertu baino ez du erabakiko.
Biharko bileran bi kasu zehatz baino ez dituzte aztertuko epaileek: Josefa Mercedes Erneaga eta Manuel Piriz Lopez presoena.
Asteartean, Auzitegi Nazionalak Ines del Rio askatu zuen, espetxean 26 urte eta bi hilabete izan eta gero. Estrasburgoko epaia horren kasuaren harira etorri zen.
Ines del Rioren abokatuek 56 preso "berehala" aske uztea eskatuko dutela iragarri zuten. Hori dela eta, hurrengo egunetan eskaera gehiago iritsiko dira Auzitegi Nazionalera.
Fiskaltzaren ustez, preso guztiak ez dira sistematikoki geratuko aske; banan-banan aztertuko dituzte auziak, eta espetxean izandako portaera ere kontuan hartuko dute. Izan ere, portaera txarra eduki izanak zigor murrizketak baztertzea ekarriko luke.