Kontzentrazioa Madrilen
'Gaurko AVTren martxa estrategia oker baten ondorio logikoa da'
Erredakzioa
Bere jarduna ETAk agintzen edo esaten zuenaren mendean jartzea leporatu dio Joseba Egibar jeltzaleak ezker abertzaleari. Eta orain "pentsamendu politikoa eguneratu behar du".
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) gaurko Madrilen deitu duen kontzentrazioa "estrategia oker baten ondorio logikoa da", Joseba Egibar EAJren GBBko presidentearen iritziz. Horren esanetan, urteetan nolabaiteko rol politikoa eman diete biktimei, eta espetxe politikan parte har zezaketela esan diete.
Joseba Egibar buruzagi jeltzaleak batzoki berri baten inaugurazio ekitaldian parte hartu du Urnietan, eta bertan izan dira baita ere Mikel Pagola Urnietako alkatea, Maria Pilar Sarasola Urnietako zinegotzi jeltzalea, Eneko Goia Donostiako zinegotzi jeltzalea eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea.
PPko buruzagiak gaurko kontzentrazioan egotea, "estrategia oker baten ondorioa da", Egibarren arabera. Horren ustez, agerian geratu da biktimak elikatzea kaltegarria izan dela.
Zentzu horretan PP eta PSOE bide horretatik aldentzea litzateke onena, Egibarren iritziz. "Kartzela politika beste ikuspegi batetik jorratu behar dute: ez mendeku gisara, presoak gizarteratzeko bitarteko modura baizik", gaineratu du.
Aukera eta garai berri bat ireki dela iritzi dio: "Orain arte dena zen posible, eta Europa etorri eta Parot doktrina baliogabetu du". "Garailerik eta garaiturik izan gabe, adostasun guneak bilatu behar dira, gutxienez, kartzela politikan", gaineratu du.
Bere jarduna ETAk agintzen edo esaten zuenaren mendean jartzea leporatu dio Joseba Egibar jeltzaleak ezker abertzaleari. Eta orain "pentsamendu politikoa eguneratu behar du". Horrekin batera, kontuak eskatu dizkio Egibarrek ezker abertzaleari, orain giza eskubideak eskatu bai, baina orain artekoei buruzko balantzea ere egin beharra dagoela azpimarratuta.
Kartzela politika
Batzuek kartzela politika presoak jazartzeko erabili izan dute, eta besteek presoak beren borrokaren punta direla pentsatu dute.
Egoera horretatik ateratzeko deia egin du Egibarrek: "Giza eskubideak errespetatuta bake eta elkarbizitza agertoki bat egonkortu behar da". Horretarako, "auzoz auzo eta herriz herri lan egin behar da".
Erabakitzeko eskubidea
Egibarren ustez, Espainiak erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaidari heldu beharko dio egunen batean.