Itxi

Bilboko Udala

Azkunak kritika politikoa eta erasoa nahastu dituela dio oposizioak

Erredakzioa

Bilboko alkatearen hitzetan, ''zitalak'' izan dira Udaleko oposiziko taldeek jarduera faltaren inguruan egindako kritikak.

Iñaki Azkuna (EAJ) Bilboko alkateak atzoko adierazpenetan kritika politikoa eta eraso pertsonala nahastu zituela esan dute PP eta PSE-EE alderdietako Bilboko Udaleko talde-bozeramaileek.

Bertako Gobernuaren jarduera faltaren inguruan oposizioko taldeek egindako kritikei erantzun zien atzo Azkunak, eta ''zitalak'' izan zirela  esan zuen.

Astearte honetan, berriz, prentsaurrekoak eman dituzte talde ezberdinetako bozeramaileek, eta Azkunaren hitzak egokiak izan ez zirela eta ''lekuz kanpo'' daudela adierazi dute.

Hala, Alfonso Gil Bilboko Udaleko PSE-EEko bozeramaileak esan du ''maila pertsonalean irainduta'' sentitu dela eta berak ''kritika politikoa'' egin zuela, ''ez pertsonala''. Halaber, ''gustatu ala ez'', Udal Gobernua ''jarduerarik gabe'' dagoela agerian uzten dituzten ''bete gabeko hain gai'' aurkeztu ditzaketela azpimarratu du.

Ildo horretan, alkateak ''analisi politikoa bere egoeraren inguruko aipamen batekin nahastu'' duela esan du Beatriz Marcos PPk Udalean duen bozeramaileak, eta, Azkunak ''nahita gaizki ulertu'' duela PPk egin duen balorazioa.

Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramailea ere adierazpen horien inguruan aritu da, eta, Azkunaren hitzak ''egokiak'' izan ez zirela esan du.

''Alkate bat ehuneko ehunean izatetik oso urrun'' dago Bilbo, EH Bilduren ustez, eta, ondorioz, ''hausnarketa egin eta beharrezkoak diren neurriak hartzera'' deitu du EAJ. ''Kritika politikoari beti beste batekin'' erantzun behar zaiola esan du Ibaibarriagak, baina alkatearen adierazpenek ezustean harrapatu ez dutela gaineratu du, ''Azkunak politika egiteko duen ereduaren adierazgarri direlako mota horretako zakarkeriak''.

Albisteak (3)