Jaurlaritzaren Bake Programa
Poliziaren biktimek ere hartuko dute parte ikasgeletako testigantzetan
Erredakzioa
Hezkuntza alorreko programa horretan, ETAren eta GALen biktimek hartu dute parte orain arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Poliziaren indarkeriaren biktimek ere hartuko dute parte 'Adi-adian' ikastetxeetako testigantza programan, gaur Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkariak baieztatu duenez. ETAren eta GALen biktimek hartu dute parte orain arte programa horretan.
Fernandezek eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 2013-2016rako Bake eta Bizikidetza Planaren oinarriak eta hezkuntza alorreko proiektuak aurkeztu dituzte gaur eguerdian.
Aurreko legealdian ekin zioten programa horri, baina hemendik aurrera 'Adi-adian hezkuntza-modulua' izenarekin egongo da indarrean.
"Gizatasunaren eta unibertsaltasunaren pedagogia sustatzea" da programaren helburua, eta, ildo horretan, "enpatia eta elkartasunaren kontzeptuek biktima guztiengan eta giza eskubide ororen urraketetan isla" dutela azpimarratzen du testuak.
Programaren arabera, "pedagogia hori ez da terrorismoari garrantzia kentzearekin edo legitimatzearekin bateragarria, eta, horren harira, ez da onargarria salpuespenak egitea edo biktimekiko elkartasuna eta giza eskubideen unibertsaltasuna ahaztea".
Orain arte indarrean zegoen planean ETA,k Batallon Vasco Españolek eta GALek eragindako biktimen lekukotzak bakarrik jasotzen zituzten; hemendik aurrera, polizia gehiegikerien biktimenak ere jasoko dituzte.
Euskal Herrian euren giza eskubideak urratuta, "sufrimendu bidegabekoa" jasan zituztenei diru-laguntzak aitortzeko dekretua garatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta, hain justu, polizia funtzionarioen indarkeriaren biktimak dira orain programan sartuko direnak.