'Parot doktrina' indargabetuta
'Kubati' Cadizko espetxetik atera da biktimen protesten artean
Erredakzioa
Puerto I kartzelatik atera da, 40 pertsonako talde batek "hiltzaile" oihukatzen zion bitartean; izan ere, terrorismoaren biktimen senideek protesta egin dute espetxearen kanpoaldean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jose Antonio Lopez Ruiz Kubati Puerto I espetxetik (Cádiz) atera da, Auzitegi Nazionalaren agindua jaso ostean. ETAko biktimen senideak kartzelaren kanpoaldean bildu dira, eta protesta egin dute. Kubatiri 1.210 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, 13 hilketagatik, eta 26 urte bete ditu kartzelan.
22:15 aldera atera da kartzelatik Kubati, Cadizko Giza Eskubideen Elkarteko abokatu bat alboan zuela. Kalean, 40 pertsonako talde batek "hiltzaile" oihukatu dio; izan ere, terrorismoaren biktimen senideek protesta egin dute espetxearen kanpoaldean.
'Kubati' presoa Puerto I espetxetik ateratzen. Argazkia: EFE
Kanpoko hesia zeharkatu duenean, Poliziak esku hartu behar izan du, manifestariek autoa inguratu dutelako. Ibilgailua astindu dute, eta ostikadak eman dizkiote.
Besteak beste, Encarna Carrillo, Manuel Indiano PPko zinegotziaren emaztea, zegoen bertan. ETAk 2000ko abuztuan hil zuen Indiano, Zumarragan (Gipuzkoa).
Antonio Mateo guardia zibilaren anaia ere bertan zegoen, protestan. 1987ko azaroan hil zuen Kubatik Mateo, Ordizian.
Terrorismoaren biktimen senitartekoak 'Kubati'ren zain. Argazkia: EFE
Jose Felix Aginaga 22:00ak aldera atera da El Puerto de Santa Maria (Cadiz) udalerriko Puerto III kartzelatik.
Inmaculada Noble ere 22:00etan atera da Algeciraseko (Cadiz) Botafuegos kartzelatik. Ines del Rio Pradarekin, Jose Ignacio de Juana Chaosekin (bikotekide izan zuen) eta Antonio Troitiñorekin batera, Madril taldeko kidea izan zen Noble. 1986an Madrilen, Juan Bravo kalean, bost guardia zibil hil eta beste lau larri zauritu zituen atentatuagatik zigortu zuen epaileak ETAko kidea.
Gonzalo Rodriguez Cordero, Francisco Javier Lujanbio Galdeano eta Miguel Turrientes Ramirez 22:05 aldera atera dira Herrera de la Manchako (Ciudad Real) espetxetik.
30 bat senide eta lagunek hartu dituzte presoak. Zazpi autotan bertaratu dira arratsaldean, janaria ekarri dute eta argazkiak atera dituzte bertan.
Pedro Mari Rezabal ETAko presoa espetxetik ateratzen. Argazkia: EFE
Juan Mari Gabirondo Agote Auzitegi Nazionalak ebazpena plazaratu eta lau ordura (22:20 aldera) atera da A Lamako (Pontevedra) espetxetik. Txalo artean hartu dute 10 bat pertsonak kartzelako sarreran. Maria Josefa Uzkudun Etxenagusia ETAko presoa eta Olga Oliveira GRAPOko presoa 22:30 aldera atera dira Alboloteko (Granada) kartzelatik.
'Nanclares bide'ko lehen presoa
Andoni Alza aske geratu den 'Nanclares bide'ko lehen presoa da, Auzitegi Nazionalak ETAko 13 kide aske uztea erabaki eta gero. Alza erregimen irekian zegoen Zaballako (Araba) espetxean; igandeetan eta egunero lo egitera besterik ez zen joaten kartzelara.
Alza ETArekin hautsi eta 'Nanclares bidea' osatzen duten 30 bat presoen taldekoa da. Gainera, 'Parot doktrina'ren indargabetzeaz baliatu den 'Nanclares Bide'ko lehen presoa da.
Carmen Gisasola ETAko buruzagi ohia, Alzaren bikotekidea, ere "bake prozesuarekin konpromisoa" duten presoen taldekoa da. 2010ean gutuna sinatu zuten biek, beste zazpi kide historikorekin batera, bake-prozesua eraikitzeko "pauso" berriak eskatzeko.