Itxi

'Parot doktrina' indargabetuta

ETAko beste hiru preso aske uztea erabaki du Auzitegi Nazionalak

Erredakzioa

Erabakia, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Zigor Aretoko hiru atal ezberdinei ETAko bederatzi preso eta GRAPOko lau aske uzteko eskatu ondoren hartu du.

Auzitegi Nazionala

Auzitegi Nazionalak ETAko beste hiru preso aske uztea erabaki du. Aske geratuko direnak Luis Maria Lizarralde eta Iñaki Recarte (biak 'Nanclares bideko' presoak) eta Juan Carlos Arruti "Paterra" dira; datozen orduotan aterako dira espetxetik. Horrez gain, Jaime Simon Quintela GRAPOko kidea ere aske geratuko da.

Epaitegitik jakitera eman dutenez, Recarte eta Arrutiren kasuak zigor-arloko lehen atalak aztertu du. Lizarralde eta Kintelaren kasua, berriz, hirugarren atalak aztertu ditu. Recartek 203 urteko espetxe-zigorra zuen Santanderren atentatua egiteagatik. Atentatu horretan hiru lagun hil ziren. Arrutik, berriz, 1.200 urteko espetxe-zigorra zuen 14 erahilketengatik.

Guztira, 27 dira Parot Doktrinaren eraginez zigorra luzatuta zeukaten eta aske geratu diren ETAko presoak, Estrasburgoko Auzitegiak bere epaia iragarri zuenetik.

Fiskaltzaren eskaera

Erabakia, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Zigor Aretoko hiru atal ezberdinei ETAko bederatzi preso eta GRAPOko lau aske uzteko eskatu ondoren hartu du Auzitegi Nazionalak.

Dagozkien atalek ETAko sei presoen inguruan erabakiko du bihar. Horien artean Juan Jose Zubieta Zubeldia dago: 1.851 urteko kartzela zigorra ezarri zioten hainbat atentatu egitea egotzita, tartean Vic-eko kuartel nagusiaren aurkakoa (11 pertsona hil ziren, horietatik 5 umeak).

Besteak Jesus Maria Zabarte, Javier María Goldaraz, Miren Maitane Sagastume, Joaquin Urain Larrañaga eta José Ignacio Etxeverria Pascual.

GRAPOko Guillermo Vazquez Bautista, Maria Jesus Romero Vega eta Encarnacion Leon Lara ere aske uzteko eskatu du Fiskaltzak.

Konstituzionalaren bilera

Auzitegi Konstituzionalak gaur zehaztuko du 'Parot doktrina'ren inguruan zein jarrera izango duen aurrerantzean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak espetxe-zigorren luzapena bertan behera utzi ondoren.

Izan ere, Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak Ignacio Fernandez de Larrinoa ETAko presoaren helegitea aztertuko du. Estrasburgoko Auzitegiak doktrina bertan behera utzi zuenetik aztertuko duen aurreneko kasua izango da.

Auzitegi Konstituzionalak hartzen duen erabakiak gainerako helegiteei ere eragingo die. Guztira, 30 presok 'Parot doktrina'ren aurka jarritako helegiteak aztertu behar ditu Auzitegi Konstituzionalak. 17 helegiteren kasuan, epaia erabaki behar du, eta gainerako 13etan, tramitera onartu ala ez. 30 helegite horietatik 27 ETAko presoek aurkeztu dituzte.

 

 

 

 

Albisteak (2)