Arraizen adierazpenak
Kritika zaparrada Sorturi ezker abertzalearen iragana defendatzeagatik
Erredakzioa
EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk Arraizen hitzak kritikatu dituzte. Sorturen ustez, berriz, arduragabekeriaz aritu dira Semper (PP) eta Iturrate (EAJ), adierazpen horiek baloratzeko iturrietara jo gabe.
Hasier Arraiz Sortuko presidenteak astelehenean egindako adierazpenak gaitzetsi dituzte gaur EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk. Adierazpen horietan ezker abertzalearen iragana defendatu zuen Arraizek, eta horren azterketa kritikoa egitea baztertu zuen.
Zehazki, Arraizek esan zuen ''demokratikoa ez zen joko batean'' parte ez hartzeko erabakia hartu zuela orain 35 urte ezker abertzaleak, eta erabaki hori ''egokia'' izan zela. Sortuko presidentearen hitzetan, ez daude prest ''egin duguna eta egiten duguna, eta izan garena eta garena berrikusteko''. Halaber, ezker abertzalearen ibilbidea beti defendatuko duela gaineratu zuen.
Hitz horiek kritika zaparrada piztu dute, gainerako alderdien gehiengoaren ustez ezker abertzaleak ETA babestu eta justifikatu izana aitortu behar duelako. Halaber, atzerapausoa direla uste dute.
Hala, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak esan du mezu bikoitza plazaratzen duela Sortuk, hartzailearen araberakoa, eta Arraizen adierazpenak ''akatsa'' izan direla gaineratu du. Iturrateren ustez, ''Sortu abiatu zenetik ezker abertzaleak berak bizi duen prozesuan atzerapausoa'' dira atzoko hitzak.
Sozialisten ustez, ''maltzurkeria'' da ezker abertzaleak ''terrorismoari eskainitako ageriko babesez betetako iragana'' defendatzea.
Borja Semper PPko ordezkariaren ustez, bestalde, onartezinak dira Sorturen presidentearen hitzak, ''ETAri apologia'' egiten diotelako. Terrorismoa babestea egotzi dio Arraizi, eta hitz horiekin ezker abertzaleak ''ETAren iragana bere gain'' hartzen duela uste du.
Gorka Maneiro UPyDko ordezkariak Sortu legez kanpo uzteko prozesua abiatzea eskatu dio Estatutako Fiskaltzari.
Sorturen erantzuna
Sorturen ustez, berriz, arduragabekeriaz aritu dira Semper (PP) eta Iturrate (EAJ), adierazpen horiek baloratzeko iturrietara jo gabe, eta ''El Mundo egunkariak egindako interpretazioari ofizialtasuna maila'' ematea egotzi die.