Sortu
Arraizek ETA goratu ote zuen ikertzen hasi da Fiskaltza
Erredakzioa
Pernando Barrena Sorturen bozeramailearen ustez, idazkari nagusia ikertzeko prozesua "ilegalizazioen eta eskubide politikoen urraketen garaira itzultzeko saiakera" besterik ez da.
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak ikerketa abiatu du Hasier Arraiz Sorturen presidenteak azaroaren 18ko ekitaldi batean egin zituen adierazpenetan ETA goratu ote zuen argitzeko. Harraizek esan zuen ezker abertzaleak "duela 35 urte" hartu zuen erabakia egokia izan zela eta ez dutela iraganean egindakoa errefusatuko edo berrikusiko.
Coviteren salaketa jaso ostean erabaki du Calparsorok ikerketa abiatzea. Biktimen elkartearen arabera, Arraizek ETAren jarduera "justifikatu" zuen, eta hori delitua da, Zigor Kodeko 578. artikuluan agertzen da.
Transkripzioa
Calparsorok abiatuko duen prozesuaren baitan, Arraizen hitzen transkripzioa eskatu du, eta ezker abertzaleko buruzagia deklaratzera deitu ala ez erabakiko du hitzak aztertu ondoren.
Horren aurretik, aste honetan bertan, Maribi Ugarteburu ezker abertzalearen ordezkariak Arraizen adierazpenen transkripzioa aurkeztu zuen prentsaren aurrean, ETAren jarduera goratu izana ukatzeko. Hona hemen Arraizen hitzak:
"Ezker abertzaleak orain 35 urte gaur egun egokitzat daukagun aukera egin zuen. Ez genuen parte hartu demokratikotik ezer gutxi zuen joko batean, eta denbora guzti honetan, ustez demokratikoa den joko horren kontraesanak mahai gainean jartzen aritu gara. Oso garesti ordaindu dugu, eta ez gaude prest orduko ezer berrikusteko edo errefusatzeko. Gure akats guztiak aldarrikatzen ditugu, izan ginena eta garena, eta egin duguna eta egiten duguna.
Egia da bataila hau (kontaketa historikoa) hor dagoela, eta horrek, gehiago edo gutxiago gustatu, iraganeko agertokietara sartzera behartzen gaitu. Argi dago bertan ez dagoela inor erantzukizunetatik aske; gatazka honetan inor ez da izan ikusle, eta mundu guztiak hartu du parte. Denok sufriarazi dugu eta denok sufritu dugu. Guk ez daukagu inongo arazorik gure erantzukizunak aitortzeko; beti egin dugu eta horrek ondratu egiten gaitu".
"Gutxieneko baldintzarik ez"
Fiskaltzaren erabaki honek "oinarrizko eskubideak babesteko gutxieneko baldintzarik" ez dagoela uzten du agerian, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideren ustez. Arraizen hitzak "manipulatu" egin dituztela adierazi du, goizean Bilbon eskaini duen prentsaurrekoan. "Egungo egoera kezkagarriaren adierazlea da hau guztia", gaineratu du.
Barrenak ilegalizazio saiakera ikusten du
Pernando Barrena Sorturen bozeramailearen ustez, idazkari nagusia ikertzeko prozesua "ilegalizazioen eta eskubide politikoen urraketen garaira itzultzeko saiakera" besterik ez da.
Prentsa-agiri batean azaldu duenez, fiskalak "politika jokoak utzi eta interes publikoa defendatu behar du", eta kasu honetan, interes publikoa "bake prozesua bideragarri egin nahi dutenengan dago".
Barrenaren ustez, "larria" da ikerketa abiatzea, "hirugarren pertsona baten manipulazio interesatuan oinarrituta, Arraizen adierazpenetan oinarritu beharrean". Izan ere, "fiskalak berak aitortzen du ez dakiela Arraizek zer esan zuen, baina ikerketa abiatu du berdin berdin. Harrigarria da".