Justizia auzitegi nagusian
Arraizek astelehenean deklaratuko du Brouarden omenaldiko hitzengatik
Erredakzioa
Ezker abertzaleak 'duela 35 urte' hartu zuen erabakia egokia izan zela eta egindakoa ez dutela inoiz errefusatuko adierazi zuen.Epaileak ebatzi behar du Arraizek ETA goratu edo justifikatu ote zuen
Hasier Arraiz Sorturen Kontseilu Nazionaleko koordinatzaileak astelehenean deklaratuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Bilbon, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren omenez egindako ekitaldi batean esandakoagatik.
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak izapideak abiatu zituen Arraizek ETA goratu edo justifikatu ote zuen argitzeko.
Izan ere, Arraizek esan zuen ezker abertzaleak "duela 35 urte" hartu zuen erabakia egokia izan zela eta egindakoa ez dutela inoiz errefusatuko, eta Covite biktimen elkarteak salaketa jarri zuen, ETA justifikatu zuela iritzita.
Arraizek hau esan zuen, hitzez hitz:
"Ezker abertzaleak orain 35 urte gaur egun egokitzat daukagun aukera egin zuen. Ez genuen parte hartu demokratikotik ezer gutxi zuen joko batean, eta denbora guzti honetan, ustez demokratikoa den joko horren kontraesanak mahai gainean jartzen aritu gara. Oso garesti ordaindu dugu, eta ez gaude prest orduko ezer berrikusteko edo errefusatzeko. Gure akats guztiak aldarrikatzen ditugu, izan ginena eta garena, eta egin duguna eta egiten duguna.
Egia da bataila hau (kontaketa historikoa) hor dagoela, eta horrek, gehiago edo gutxiago gustatu, iraganeko agertokietara sartzera behartzen gaitu. Argi dago bertan ez dagoela inor erantzukizunetatik aske; gatazka honetan inor ez da izan ikusle, eta mundu guztiak hartu du parte. Denok sufriarazi dugu eta denok sufritu dugu. Guk ez daukagu inongo arazorik gure erantzukizunak aitortzeko; beti egin dugu eta horrek ondratu egiten gaitu".