Justizia auzitegi nagusian
Atzeratu egin dute Arraizek astelehenean egin behar zuen deklarazioa
Erredakzioa
Atzeratzearen arrazoia, Arraizek deklarazioaren ordu berean beste ekitaldi batean egoteko hitza emanda zuela da, Bilboko Justizia Jaurgeian bertan.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzeratu egin du Hasier Arraiz Sortuko koordinatzaileak astelehenerako aurreikusita zuen deklarazioa. Arraiz azaroaren 18an, Bilbon, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren omenezko ekitaldian esandakoengatik deitu zuten deklaratzera.
Atzeratzea Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak konfirmatu du. Erabakia Hasier Arraizek deklarazioaren ordu berean beste ekitaldi batean egoteko hitza emanda zuela, Bilboko Justizia Jaurgeian bertan.
Calparsorok aditzera eman duenez, oraindik ez dute deklarazioa egiteko data berririk jarri.
Bestalde, EH Bilduk aditzera eman duenez, atzerapenaren ondorioz, Bilboko epaitegietan 16:30etarako deitutako protesta bertan behera uztea erabaki dute.
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak izapideak abiatu zituen Arraizek ETA goratu edo justifikatu ote zuen argitzeko.
Izan ere, Arraizek esan zuen ezker abertzaleak "duela 35 urte" hartu zuen erabakia egokia izan zela eta egindakoa ez dutela inoiz errefusatuko, eta Covite biktimen elkarteak salaketa jarri zuen, ETA justifikatu zuela iritzita.
Arraizek hau esan zuen, hitzez hitz:
"Ezker abertzaleak orain 35 urte gaur egun egokitzat daukagun aukera egin zuen. Ez genuen parte hartu demokratikotik ezer gutxi zuen joko batean, eta denbora guzti honetan, ustez demokratikoa den joko horren kontraesanak mahai gainean jartzen aritu gara. Oso garesti ordaindu dugu, eta ez gaude prest orduko ezer berrikusteko edo errefusatzeko. Gure akats guztiak aldarrikatzen ditugu, izan ginena eta garena, eta egin duguna eta egiten duguna.
Egia da bataila hau (kontaketa historikoa) hor dagoela, eta horrek, gehiago edo gutxiago gustatu, iraganeko agertokietara sartzera behartzen gaitu. Argi dago bertan ez dagoela inor erantzukizunetatik aske; gatazka honetan inor ez da izan ikusle, eta mundu guztiak hartu du parte. Denok sufriarazi dugu eta denok sufritu dugu. Guk ez daukagu inongo arazorik gure erantzukizunak aitortzeko; beti egin dugu eta horrek ondratu egiten gaitu".